eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak 40 milioi bideratuko ditu ekimen solidarioetara Hegoaldeko herrialde pobretuetan, iaz baino sei milioi gehiago, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Agentzia hori Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren mende dago, eta garapenerako lankidetza-proiektuetarako laguntzen deialdia argitaratu du.

Partida 40 milioi eurokoa izango da, desberdintasunei aurre egiteko eta herrialde pobretuetako pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko proiektu solidarioak diruz laguntzeko.

Deialdia Euskadin egoitza duten GGKEei zuzenduta dago, eta hiru modalitatetan banatzen da: garapenerako lankidetza-proiektuak; produkzio-garapeneko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko ekimenak, eta gizarte-eraldaketarako hezkuntza-proiektuak.

eLankidetzak funtsen % 20 Saharaz hegoaldeko Afrikan gauzatutako proiektuetarako gordeko du, eta % 10 emakumeak ahalduntzeko ekimenetarako. GGKEek hilabeteko epean aurkeztu ahal izango dituzte ekimenak, bihartik aurrera.

Garapenerako lankidetza-proiektuen modalitatera 31,7 milioi euro bideratuko dira, pobreziaren eta desberdintasunen aurka borrokatzeko eta Hegoaldeko herrialdeetan ahalduntze-prozesuak indartzeko.

2023an, eLankidetzak 27,6 milioi euro zuzendu zituen 23 herrialdetako tokiko erakundeekin lan egiten duten euskal GGKEen 53 proiektutara. Ekimenen ardatzak izan ziren, batez ere, emakumeen ahalduntzea eta jasaten dituzten indarkeria anitzen aurkako borroka; pertsonen, komunitateen eta haien lurraldeen giza eskubideen defentsa; bereziki, herri indigenena, edo produkzio-garapen iraunkorra Peru, Kolonbia, El Salvador, Guatemala, India, Senegal edo Malin.

Produkzio-garapeneko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko ekimenei dagokienez, 1,6 milioi euroko zuzkidura izango dute. Iaz, 1,2 milioi euroko lau proiektu onartu ziren, Kolonbian eta Kuban gauzatzen diren proiektuetara bideratuta.

Azkenik, aurten handitu egin da gizartea eraldatzeko hezkuntza-proiektuetara bideratutako aurrekontua. Laguntzek 6,7 milioi euroko aurrekontua izango dute, eta iaz 5,2 milioi eurokoa izan zen. Horiek Euskadin gauzatuko dira, eta euskal herritarren elkartasuna bultzatzera eta Hegoaldeko errealitateak euskal errealitateekin lotzera bideratuko dira.

2023an, eLankidetzak 20 ekimen onartu zituen, eta, laguntza horiei esker, GGKEak euskal herritarren artean hainbat gai lantzen ari dira, hala nola kontsumo arduratsua, feminismoak, sexu eta genero aniztasuna edo giza eskubideak.

ELANKIDETZAREN BESTE LAGUNTZA BATZUK

Lankidetza proiektuetarako laguntza deialdiaz gain, 2024an, eLankidetzak 14 milioi bideratuko ditu beste zazpi lan ildoetara. Horien artean daude berriki argitaratu diren ekintza humanitarioko bi deialdiak. Zehazki, 10,4 milioi euro bideratuko dira gatazkengatik eta beste indarkeria-egoera batzuengatik krisian dauden biztanleei laguntzera, eta 500.000 euro nazioarteko larrialdi-deietara, hala nola Gazakora.

Halaber, Iparraldeko eta Hegoaldeko erakundeen arteko lankidetza, euskal GGKEetan genero berdintasuna bultzatzea, eLankidetzaren egoitzan lankidetzan espezializatzeko bekak edo Ignacio Ellacuría Saria sustatzen dituzten ekimenak identifikatzeko laguntzak zuzenduko dira, besteak beste.