Bakearen artisauak deitu izan zaien Béatrice Molle-Haran kazetariari eta Txetx Etcheverry sindikalistari Parisen egingo dieten epaiketaren aurrean babesa adierazteko, sindikatuek eta eragile sozialek elkarretaratzea egingo dute apirilaren 3an EAEko eta Nafarroako hiriburuetako udaletxeen aurrean.
Halaber, erakunde terroristarekin elkartzeagatik eta armak eta lehergailuak kontrolatzeko legea hausteagatik leporatzen zaizkien delituetatik absolbitzea ere eskatu dute. 2016an Luhuson egindako polizia-operazioan atxilotu zituzten biak, hilak diren Stephane Etchegaray Etxe, Mixel Berhokoirigoin eta Mixel Bergougnanekin batera. Boskoteak eskaintza egin zion ETAri, armagabetze prozesuan eta armen suntsiketan bitartekari izateko.
Sindikatuak elkarrekin
ELA, LAB, ESK, STEILAS, Etxalde eta Hiru sindikatuetako ordezkariek, Foro Sozialean parte hartzen zuten beste eragile sozial batzuekin batera -Sare, Antxeta Irratia, Bilgune Feminista, Etxerat, Egiari Zor, Gernika Batzordea, Hitz & Hitz eta Bakea eta Duintasuna-, agerraldia egin zuten Bilbon, ETAren armagabetzea gauzatzeko euskal gizarteak izan zuen inplikazioa gogorarazteko komunikatu bateratua irakurtzeko; eta bide batez, bakearen artisauen aurkako epaiketa horren aurrean, “Iparraldean gai honen inguruan garatzen ari den dinamikarekin bat egingo duen erantzun irmoa eman behar dela” azpimarratu zuten.
2016ko polizia-operatiboan atxilotu zituzten bost pertsonak “sindikatuekin eta bakearen aldeko mugimenduekin estuki lotuta zeudelako Ipar Euskal Herrian oso ezagunak zirela” azpimarratu ondoren, “agerraldi honekin gure asmoa bikoitza dela” adierazi zuten. Alde batetik, eskaera hori Euskadin eta Nafarroan ere “ikusaraztea”; eta, bestetik, “apirilaren 3an Euskal Herriko zazpi hiriburuetan egingo diren mobilizazioetarako deia luzatu nahi diegu gure oinarri sozialei eta herritar guztiei”. Deitzaileei erabat ulergaitza iruditzen zaie Beatrice Molle Haran eta Txetx Etcheberry epaileen aurrera eramatea, “bakearen eta bizikidetzaren aldeko ekimena burutu izanagatik”. Eskertu egin diete, gainera, ETAren armagabetzearen aldeko “konpromisoa hartu izana, bestela inolako aurrerabiderik ez zegoelako, eta Frantziako eta Espainiako Estatuak armagabetze seguru eta ordenatua blokeatuta zeukatelako. Egoera horretan, ETAren armagabetzea gauzatzeko ekimena sustatu zuten bost pertsona horiek”.
Armagabetzea
Sinatzaileen esanetan, atxilotu zituztenean burutzen ari ziren jarduerak “beste helbururik ez zuen: ETAren armategia desegiten hastea”, eta, horregatik, “erabat ulergaitza iruditzen zaigu bakearekin, bizikidetzarekin eta adiskidetzearekin konpromiso irmoa hartzeagatik biak epaituak izatea”. Ildo horretatik gaineratu nahi izan zuten, Luhusoko epaiketak “argi eta garbi adierazten duela Euskal Herriko bake-prozesuaren izaera iluna, bi Estatuetako egitura politiko, juridiko eta polizialek ezarritako oztopoz josita egon zelako”. ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak, LABeko koordinatzaile Igor Arroyok, Sareko ordezkari Begoña Atxak eta giza eskubideen aldeko aktibista Agus Hernanek hartu zuten hitza iritzi horiek guztiak azaltzeko, eta, horien artean berriro nabarmendu zuten “oztopo horiek guztiak gainditzeko egin behar izan ziren ahalegin guztiak, ez bakarrik ezker abertzaleak, baita Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politiko anitzek ere”.
Azkenik, euren ikuspuntutik, “Espainiako Estatuaren biktima guztien errekonozimendua falta dela; eta sakabanaketa amaitu bada ere, euskal presoei ezarritako salbuespeneko zigor- eta penitentzia-legeria ez dela erabat indargabetu” aldarrikatu zuten. Amaieran, lau parte-hartzaileek eskerrak eta babesa eman nahi izan zizkieten epaitutako bi pertsonei eta hildako hirurei, “erakutsitako konpromisoagatik eta bakearen alde egiteagatik”.