“Egun hauetan egiten ditugun erosketa ugariak eta era guztietako marketatik jasotzen ditugun estimuluak kontuan izanik, oso une egokia da gure garuna erosle kontziente izateko nola hezi genezakeen kontuan izateko”. Izan ere, urte sasoi honetan, ohikoa izaten baita erosketa konpultsiboaren portaera areagotzea, hainbat faktoreren ondorioz: opariak egiten ditugulako, eta afarietan eta bileretan kontsumitzeko presioa eta tradizio soziala; gastatzera eramaten gaituzten eskaintza bereziak; eta emozioak ere bor-bor egoten dira, besteak beste, antsietatea, euforia, estresa edo alaitasuna, eta horiek ere kontsumoa areagotzea ekar dezakete. Testuinguru horretan, Raquel García neuropsikologoaren eskutik hainbat aholku eskaini ditu IMF Smart Education erakundeak dekalogo batean, erosketak egiteko garaian modu osasuntsuan eta egokian jardutea ziurtatzeko.

Lehenik eta behin, oso garrantzitsua da aldez aurretik aurrekontu bat ezartzea, gainditu ezingo den muga ekonomikoa. “Ezinbestekoa da gure gastu-muga ezagutzea, hori egitea oso eraginkorra izan daiteke”, azaldu zuten. Behin gastu-muga hori ezarrita, erosketak egiten ari garenean kontuan hartu beharko dugu, eta maiz berrikusi, kontrolatu ahal izateko. Bigarren gomendio gisa azpimarratzen da dekalogo honetan, oso garrantzitsua dela erosketa-zerrenda bat egitea. “Jakin badakigu, salmenten marketinean trikimailu ugari erabili ohi dituztela gure pentsamenduak eta joerak bideratzeko. Horregatik da oso baliagarria erosketa-zerrenda bat sortzea, zer behar dugun argi izateko eta geure burua engainu horietan ez erortzeko”. Hirugarrenik, gomendagarria da erosiko dugun objektu horren benetako beharra planteatzea. Dekalogoan azaltzen denez, garunak zenbait alborapen pizten ditu erosketak egiterako orduan, eta ezagunenetako bat eskaintzaren aldeko joera izan ohi da. Produktu batean eskaintza berezia egiten digutenean, merkealdian kasu, erosketa horretan aurrezten ari garela pentsatzen du buruak. Erosten ari garen horren premiarik ez badugu ere.

Salmentetan sarritan erabili ohi den beste amu bat produktuaren urritasuna izaten da. Produktu bat urria denean, eskaintza hori oso denbora gutxirako egongo dela aktibo pentsatu ohi du gure buruak, edota unitate mugatuak daudela (esate baterako, Gabonetan jostailu batzuk agortuta egoten dira...). Alborapen horiek saihestu ahal izateko, “lagundu egin behar diogu gure burmuinari, erosi behar dugun horren benetako beharra planteatuz; hori aztertze hutsa nahikoa izaten da askotan, erosketa horietako batzuk baztertzeko oinarriak ipintzeko”, azpimarratzen da dekalogoan.

Hain agerikoa ez dirudien arren, bigarren eskuko artikuluak erostea ere oso baliagarria izan daiteke erosketa konpultsiboetan ez eror-tzeko. “Lehenik eta behin, erabilitako produktuak erostean, normalean haien benetako balioaz jabetzen garelako, eta ondorioz, bultzadan oinarritutako erosketa emozionalak murriztu daitezkeelako. Gainera, bigarren eskuko dendek publizitate-presio txikiagoa egin ohi dutelako produktu berriak saltzen dituztenekin alderatuta. Beraz, iragarkiz gainezka dauden merkataritza-inguruneak saihestuta, modu konpultsiboan erosteko tentazioa murriztu ahal izango dugu”, azpimarratu zuten.

Portaerak

portaerak “Jokabide konpultsibo bati buruz ari garenean, erosteko ekintza geldiarazteko gai ez den pertsonaren, eta kasu honetan kontsumitzailearen, portaera bati buruz ari gara. Oro har, ekintza hori ez dugu gogoeta egokia burututa egiten, eta barne-emozio bat asetzeko joera izaten du”, adierazi zuen Raquel García IMFko Neuropsikologia, Adimen Anitzak eta Mindfulness Masterreko tutoreak. Eta ondorengo hau ere nabarmendu zuen: “Hala ere, aipatu berri ditugun estrategia horiek lagun, jarrera horri muga ezarri geniezaioke mekanismo horiek nola funtziona-tzen duten jakinda, nahi ez ditugun erosketak prebenitzeko eta erosle kontziente bihurtzen laguntzeko”.

Bestalde, Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak egindako ikerketa baten arabera, aurtengo neguko merkealdian kontsumitzaileek 145 euro gastatuko omen dituzte batez beste Araban, 176 Gipuzkoan eta 201 Bizkaian. Neguko beherapen horietan Estatuko gastuaren batez bestekoa 164 eurokoa izango da, hau da, 2023an baino 21 euro gutxiago.

Bestalde, aipatutako txosten horretan azaltzen denez, Araban % 93 dira merkealdira joateko asmoa duten kontsumitzaileak, Estatuko zifra handienetako bat; Bizkaian, ordea, % 89 dira, eta Gipuzkoan, % 86.

Madril (202 euro, batez beste), Bizkaia (201 euro, batez beste) eta Valentzia (200 euro batez beste) dira kontsumitzaile bakoitzaren gastu-aurreikuspenik handieneko hiru probintziak. Balantzaren beste aldean, berriz, gutxien gastatuko dutenak Albacete (120 euro), Ceuta (123 euro) eta Caceres (124 euro) izango dira. Eta merkealdira joateko asmoa adierazi duten kontsumitzaileen ehunekoan ere Madril da liderra (%94).