16 eta 18 urte bitarteko gazteentzako doako ikastaroak indartuko dituzte HABE sareko euskaltegiek, azterketa probarik gainditu gabe euskarazko komunikazio maila hobetzeko.

Horixe da Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak atzo Gasteizko Udaberria zentroan, Euskara ikastea, gero eta errazagoa lelopean, euskaltegien matrikulazio kanpainaren aurkezpenean iragarri zuen berrikuntza nagusia.

Gaur egun, B2 mailarainoko matrikulazioa doakoa da, baita C1 maila egiaztatzen duten 16 eta 30 urte bitarteko gazteena ere, baldin eta maila dutela bertmatzeko azterketa bat gaindituz gero. Eusko Jaurlaritzak 3,7 milioi eurorekin finantzatzen du laguntza-lerro hori.

Sailburuak azaldu zuenez, ikasturte honetan ildo berri bat jarri da martxan 16 eta 18 urte bitarteko gazteentzat, “beraien komunikagarritasuna” hobetzeko aukera izan dezaten, C1eko proba gainditu beharrik gabe ia doakoak izango diren ikastaro berriekin. Ikasleek soilik 20 euroko matrikula ordaindu beharko dute eta Eusko Jaurlaritzak 850.000 euro bideratuko ditu horretara.

Zupiriak azaldu zuenez, gazte horiek euskarazko komunikazioaren ezagu- tza indartzea da helburua, goi-mailako lanbide-heziketan edo unibertsitatean hasteko, baita lan-merkatuan hizkuntza-maila egokiarekin sartu ahal izateko ere

Gainera, ikasturte honetan irailera aurreratuko dira ikasleentzako dirulaguntzak. Orain arte 5.324 eskaera jaso dira eta epea azaroaren 6an amaituko da.

Irakasleak ere hizpide izan zituen Zupiriak, eta haien lan-baldintzak hobetzen iaz hasi zirela ekarri zuen gogora. Iragarri zuenez, 2024 eta 2025 artean 90 milioi eurotik gorako inbertsioa egitea aurreikusten dute, helburu nagusienetako bat udal euskaltegietako irakasleekiko lan-arrakala murriztea izango delarik. Azken horiek, guztira 39k, 12,7 milioi euro jasoko dituzte aurtengo ikasturtean ere. Horretaz gain, udal euskaltegietarako arbel digitalak erosteko bere sailak beste 170.000 euro bideratuko dituela baieztatu zuen sailburuak. 2022-2023 ikasturtean 31.688 ikasle matrikulatu ziren euskaltegietan. Horietatik %64,37 emakumeak izan ziren, batez besteko adina 37 urtekoa izan zelarik.

Gehienek, 10.701ek, C1 maila gainditzeko eman zuten izena zentro horietan, eta B2 gainditzeko, aldiz, 8.647k.