Dena prest dago igandean Kilometroen egun handia ospatzeko. Irribarra lelopean, aurtengoan, Ibarran izango da hitzordua, non milaka irribarra bilduko diren Gipuzkoako ikastolen aldeko jaialdian. Uzturpe ikastolak izan du honako edizioa antolatzeko ardura eta benetako erronka izan da. Izan ere, duela hiru urte jaialdiaren eredua eraldatzeko asmoa abian jarri zenean, pandemia etorri zen eta hasitako bideari nahi bezalako garapena ematea oztopatu zuen.

Baina, oraingoan, bai. Eraldaketa etorri da eta makina bat ekimen antolatu dira urte osoan zehar Ibarran Kilometroen inguruan (Piparraren Ibilbidea, komiki lehiaketa, Liburu Ibiltaria, Infinitu irribarra, etab.) . Izan ere, eredu berriari jarraiki, Kilometroak ez da egun soil bat; egun asko dira: “Egun handia markatuta dago egutegian, baina beste ekitaldi asko egin ditugu urte guztian zehar._Hauxe da, hain justu, aurtengo aldaketa nagusietako bat, kultura kontsumi-tzeaz gain, hura esperimentatzea, bizitzea, parte hartzea ere badugula helburu”, adierazi dute antolatzaileek.

Jai eredu parte-hartzaileagoa bultzatzeaz gainera, ikastolen berezko ezaugarriak kontuan hartu eta jai ereduan isla handiagoa izatea da eraldaketaren helburua. Gauzak horrela, eta pandemia garaiko une ilunak atzean utzi nahian, irribarrari eman nahi dio aurtengoan protagonismoa Uzturpe ikastolak. Baina ez hori bakarrik. Irribarra hazi bat ere bada, zaindu behar dena eta bere fruituak ematen dituena, eta bizipozaren balioa azpimarratzearekin batera, lurrari eta baratzari ere protagonismo handia eman dio aurtengo edizioak; horren erakusle da, esate baterako, Piparraren Ibilbidea, joan den asteburuan eta igandean ere egingo dena. Ibarrako piparraren inguruko historia ezagu-tzeko aukera paregabea.

Aurtengo edizioko antolatzaileak, joan den astean Ibarrako Montes baserriko negutegian egindako aurkezpenean. Marta San Sebastián

Lau alor, denontzat

Igandean izango den egitarauari dagokionez, festa “desberdina edo berria” aurkituko dute Ibarrara gerturatzen diren euskaltzaleek. Izan ere, antolatzaileek argitu dutenaren arabera, lau alor egongo dira, baina “gaika edo adinka bereizi gabeak”. Sormena izeneko gunean, esate baterako,euskal eskultoreen elkartearekin batera antolaturiko Irribartea eskultura erakusketa egongo da ikusgai, non Euskal Herriko 42 eskultorek parte hartu duten. Baina ikusle izateaz gainera, esperimentatzeko aukera ere izango da bertan antolatutako hamaika tailerretan: zirkoa, bertsoak, dan-tza, artisautza...

Haurren Hiria izeneko gunean, berriz, umeak egongo dira erdigunean. Bertan, Baso majikoa ezagutzeko aukera izango dute, non, ipuinak, fantasia, irudimena eta abentura izango diren protagonista. “Bidean pertsonaia berezi batzuekin egingo dugu topo eta IPUINENEAren kokapena aurkitzen lagunduko digute eta bertan ipuin kontalaria egongo da. Horrez gain, basoan jolaserako elementu ezberdinak ere topatuko dituzue, oreka, tirolina eta mota guztietako ekintzak egin ahal izateko”, esan dute. Baso majikoan sartzeko izena aurretik eman behar da, kilometroak.eus orrian. Egunean bertan ere aukera izango da.

Horrez gainera, Gipuzkoako 20 ikastolen arteko jolas-joko topaketa egingo da, 300 gaztek parte hartuko dutelarik. Trebetasun ezberdinak erakutsi beharko dituzte bertan egingo diren probetan: fisikoak, adimenekoak, eta abar. Eguerdian, berriz, gazteek prestatutako bazkaria eta kontzertu txikia ere izango dute.

Musika ere ez da faltako Euskal musikaren ibilbidea izeneko gunean. Bertan egokitutako Bizienea eszenatokian 15 minutuko emanaldiak eskaintzeko aukera luzatuko zaie dj, bakarlariedota trikitilariei. Bestalde, jai “dinamikoa” eskaini nahian, egun osoan zehar musika egongo da: Xsakara, Batumore, Munduko Irribarrak, Itsas Lapurrak, Diablues, Bluezifer, Xiberoots, Dj Bull, Distopia elektrotxaranga, Gabezin erromeria, Andoni Ollokiegi, Nikotina, Goazen eta Dupla, besteak beste.

Gastronomia alorrari dagokionez, bertako elikagaiak, bereziki Ibarrako piparra, izango dira nagusi. Herriko plazan Pipar Gunea egongo da, eta bertan piparra formatu desberdinetan dastatzeko aukera egongo da: pipar frijituak, gildak eta txistorra berdea. Gainera, bokatak, taloak saltxitxak, parrillak, Lumagorri hegatsak, hegaluze burger txikiak eta sardinak egongo dira gune desberdinetan.

Eskaintza zabala lau alorretan: artea, haurrak, musika eta gastronomía

Igandea izango da Kilometroen egun handia eta gune bakar batean egoteko tentazioa gainditzearren, benetan oparoa da Ibarran prestatutako egitaraua. Lau gune antolatu dira (Sormena, Haurren Hiria, Euskal musikaren ibilbidea eta Gastronomia), non era askotako jarduerak eskainiko diren egun osoan zehar: ‘Irribartea’ eskultura erakusketa, tailerrak, Haurren Hiria, Baso Majikoa, bizikleta erakustaldia, kontzertu eta erromeriak, pipar dastaketa eta eskaintza gastronomiko zabala, besteak beste.

Amestutako jolastokia

Duela lau urte ekin zioten Uzturpe ikastolako eraikinaren eraberritze prozesuari eta lanok oztopoz beteta egon dira. Izan ere, obrak egiten ari zirela, istripuz zimentuak ukitu ziren eta horrek arazo larriak eragin zizkion ikastetxeari. “Soldatak ordaintzeko zailtasunak izan genituen, baina ez hori bakarrik, ikaslegoaren erdia barrakoietan sartu behar izan genuen”, azaldu dute.

Obrak sortutako kalteak nork ordainduko dituen erabakitzeko epaiketa ikastolaren aldekoa izan bada ere, eraldaketa prozesua ez da guztiz burutu, eta laborategia eta jolastokia berritu gabe daude oraindik. “Tamalez, egungo ikastolako patioa ez da jolas egin, esperimentatu edota kirola egiteko toki aproposena, eta arrisku-tsua ere bada, zenbait puntutan”. Gauzak horrela, Kilometroetan bildutako dirua aipatu espazioak egokitzera bideratu dutela iragarri dute. “Uzturpe ikastolak kanpo espazio berri batekin amesten duela esan liteke. Ametsa noiz beteko zain gaude denok”, gaineratu dute.