Ibarra – Tradizio handiko denda den arren, berritzailea ere bada. Ibarrako Barriola Harategiaren arduraduna den Joxe Mari Barriolak betiko produktuei bizitza berri bat eman die. Kilometroak ekitaldian parte hartuko du igandean, piparren enbaxadorearen papera eginez.

Ibartarra izanik, nola biziko dituzu aurtengo Kilometroak?

Ondo esan duzunez, aurtengo Kilometroak Ibarran dira eta hemen beti goraipatu dugun produktu bat daukagu:piparra. Niri piparraren babeslearen papera egitea tokatu zait. Postu batean egongo naiz egun osoan, Piparraren Gunean, eta lau pintxo eskainiko ditugu:piparrak ozpinetan, pipar frijituak, gildak eta nik egiten dudan piparrekin egindako txistorra pintxoak.

Barriola harategiko espezialitate famatuenetakoa da Ibarrako piparrekin egindako txistorra. Nola bururatu zi-tzaizun ideia?

Guk Ibarran ez dugu Alde Zaharrik, ez daukagu berezitasun handirik gure herrian. Guri mapan jartzen gaituen elementua piparrak dira. Herri guztiak elementu grastronomikoren bat “lapurtu” nahian daude turismoa erakartzeko;adibidez, Beasainek odolkiaren aldeko apustua egin du. Ibarrak piparra hartu zuen. Ba bide horretatik atera zen ideia, gure produktuaren alde egin dugun apustua indartzeko asmoarekin.

Azken bi urteek gogor astindu dute ostalaritza eta sektore komertziala. Zer moduz jasan duzue pandemia Barriola Harategian?

Ba egia esan, nire kasuan pandemia oso ondo etorri zait pauso bat atzera egiteko. Dendaren ordutegia aldatzeko erabakia hartu nuen. Orain beranduxeago irekitzen dut eta 18.30etarako ixten nabil. Ordu berdinak lan egiten ditut, baina ordutegia askoz hobeagoa da lana bizitza familiarrarekin uztartzeko. Askotan pauso bat atzera ematea ez da gutxiago, gehiago da.

Zer ekarpen egiten dio Ibarran kokatuta egoteak Barriola Harategiari?

Nik piparrakin lan asko egiten dut, Ibarran gaude eta hori da bertako produktua. Niretzako hor dago gakoa, guztion artean tokiko berezitasunei garrantzia ematean.