Kilometroen programa osatzen duten ekitaldi ugarien artean, Piparraren Ibilbidea jarduera oso berezia da. Izan ere, Ibarra baratze herria da, eta mapan kokatzen duen produktua piparra da. Proposatutako ibilbide honek piparraren munduan murgiltzeko aukera paregabea eskaintzen du, partaideek produktuaren ezaugarriak eta xehetasunak ezagutu ahal izango baitituzte.

Zehazki, Ibarrako pipar sailak zeharkatzen dituen ibilbidea da, 2,6 kilometrokoa, eta herriko landa eremua aire libreko museo bilaka-tzen du, bisita gidatu baten formatuan. Gainera, piparrei buruz azalpenak emango dituen gidaz gain, beste hainbat aktorek hartzen dute parte ibilbidearen dinamizazioan. Ibilbidean zehar musika, dantza eta antzerki ikuskizunak eskaintzen dira ere.

Piparraren Ibilbidearen lehen esperientzia pasa den asteburuan egin zen, irailaren 24 eta 25ean. Bisita gidatuaren arduraduna den Nagore Leonek oso positiboki baloratu du lehenengo ibilaldia. “Ibarrako eragile desberdinekin koordinatu ondoren, gidoi historiko bat sortu genuen eta beste gidoi bat piparraren inguruan”, azaldu du Leonek ekimenaren jatorriari buruz. Helburua Ibarraren nortasun eta kulturaren garapenean piparrak izan duen garrantzia nabarmentzea izan da.

Proiektu kultural honek bisita gidatuaren formatua hartu zuen orduan, nahiz eta ibilbidea beste eragileen parte hartzearekin osatzen joan den. “Adibidez, Alurrek, koroarekin batera, Araneko iturrian eta labaderoan garai bateko garbitzaileen ofizioaren inguruko lan bat egin zuten, eta Loatzoko Musika Eskolako ikasleek abesti pare bat jo zizkiguten”, dio Leonek.

Ibilbidean zehar eskaintzen diren ikuskizunetako bat, Araneko iturrian N.G.

Produktu goraipatua

Noski, ibilbidean piparrak dira protagonistak. Beraz, produktu honekin egindako pintxoak dastatzeko aukera ere ematen du ekimenak, aktibitate kulturalak ikusteko egiten diren geldialdietan, hain zuzen ere.

Horretaz gain, piparren ezaugarriak modu entretenigarrian ezagutu ahal izango dira, barazki honen zikloa azaltzen duen antzezlan baten bidez. “Tenporeroak bere garaian nola egiten zuten lan erakusten dute”, argitu du arduradunak. Jarraian, bisita piparrekin lan egiten duen kooperatiba baten instalazioetan murgiltzen da, eta langileek produktua nola botilatzen den eta ozpinetan jartzeko prosezua azaltzen dute. Amaitzeko, piparrarekin zerikusia duten hainbat produktu jateko aukera ematen du bisitak: piparrarekin egindako txistorra, gazta pipar hautsakin, mousse moduko plater bat...

Ibilbidea egiteko beste aukera bat egongo da igandean, 10.30ean, eta bihar da_izena emateko azken eguna

“Harrera oso ona izan zen bisitarien aldetik, zoragarri ona, jendea harrituta gelditu zen, ez zekizkiten gauza asko ikasi zituztelako”, baloratu du Leonek. Bidean zehar “sopresa eta barre ugari” egon ziren pasa den asteburuan. Igande honetan beste aukera bat egongo da ibilbidea egiteko, 10.30etan Bizienea Tabernatik aterata. Hori bai, parte har-tzeko izena ematea derrigorrezkoa da (biharda apuntatzeko azken eguna). Inskripzioak egiteko formulario Kilometroen webgunean (kilometroak.eus) aurkitu daiteke.

Ekimenaren arrakasta ikusita, agian igandekoa ez da izango Piparraren Ibilbidearen azken atala. “Kilometroen helburuetako bat herrian eragileekin sortutako zerbait gelditzea zen”, argitu du Leonek. Ildo horretatik, Tolosaldeko turismo programazioan ibilbide honek leku bat izan dezakeela uste du arduradunak: “Eragile asko oso gustora egon ziren lehenengo bisitetan eta elkarlana errepikatzea oso interesgarria izango litzakeela uste dut”.