Ibarra – Aitor Bengoak aurtengoan hartu dio lekukoa Usue Sukiari Ibarrako Uzturpe Ikastolako zuzendari lanetan. Biek ala biek gertutik bizi izan dute 2022ko Kilometroen antolakuntza prozesua eta, eredu berriari jarraiki, “urte osoko ekimena” dela azpimarratzen badute ere,“urduri eta emozio handiarekin” aurkitu ditugu egun handiaren aurreko egunetan.

Uzturpe ikastolari egokitu zaio aurtengo edizioa antolatzea. Nola bizi izan duzue antolakuntza prozesua?

Usue Sukia: Luze joan da. Bi ikasturte luze joan dira Kilometroen aurtengo edizioa antola-tzeko ardura hartu genuenetik. Izan ere, pandemia etorri zenean, eta ez genuen uste hainbeste iraungo zuenik, esperantza hori genuen. Baina denok dakigu zein izan zen egoera, eta horrenbestez dena atzeratu zen.

Aitor Bengoa: Hori da. Antolakuntza prozesuan zehar, gainera, gora-behera dexente izan ditugu. Izan ere, nahiz eta guk urte guztirako egitarau bat osatu, lehenengo hilabeteetan ezin izan genituen burutu aurreikusita genituen ekitaldiak, pandemiaren ondorioz, osasun-protokolo zorrotzak indarrean zeuden eta. Aurkezpen ekitaldia 2021.eko azaroan egin genuen juxtu-juxtuan, baina handik gutxira izandako covid olatuen eraginez protokoloak are gehiago zorroztu ziren eta zenbait ekitaldi bertan behera utzi edo atzeratu behar izan genituen. 2022ko udaberria, berriz, osasun egoera hobetu zenean, ekitaldiz josita etorri zen.

Eredu berriari jarraiki, Kilometroak egun asko dira, ez da egun soil bat…

A.B.: Aurten bereziki urte osoan zehar era guztietako ekimenak antolatu dira: artea, gastronomia, kultura, kirola… gai askorekin zerikusia duten jarduerak egin dira. Zerbait amankomunean izan badute, parte hartzea bultzatzea helburu dutela, bai Kilometroak egunean bertan antolatzen direnak, bai urtean zehar ospatu direnak.

U.S.: Eredu berriaren hausnarketa prozesuari ekin zitzaionean, esate baterako, kontsumo ereduari nolabait buelta eman nahi izan zi-tzaion eta, Aitorrek esan duen moduan, Kilometroetan biltzen garenak ikusle soil izatetik parte-hartzaile izatera pasa gara. Urtarriletik hona ekintzaz betetako hilabeteak izan ditugu eta, gainera, benetan ekintza politak izan ditugu urte guztian zehar, eta urriak 2an ospatuko dugun egunarekin Kilometroak Urtea borobiltzeko aukera izango dugu.

Nola biziko duzue egun handia? Zer espero duzue egun honetaz?

A.B.: Igandean lan egitea tokatuko zaigu, baina horrez gain, emozio eta urduritasunarekin biziko dugu. Prestatu dugun egitarau honek helburu zehatz batzuk ditu eta gustatuko litzaiguke egunean bertan hori dena gauzatzea. Izan ere, eredu berriari jarraiki egitarauaren antolaketa bera ere ezberdina izango da. Jendea herrian zehar batetik bestera mugitzea ahalbidetuko dugu, gune jakin batean geldirik egon beharrean. Ikusiko dugu ea markatutako helburuak betetzen dituzten ala ez.

U. S.: Azkeneko asteotan, dagoeneko, azaleratu dira urduritasunak eta emozio ezberdinak bizi izan ditugu, izan ere, lehen aldia da horrelako prozesu bat hain gertutik bizitzen duguna. Baina Kilometroetako egunean gozatzeko aukera izatea espero dugu, lan eginez baina ondo pasatzen. Eta, noski, etortzen direnak gozatzea espero dugu, guk egindako eskain-tzan parte hartuz.

Eta urriaren 3tik aurrera, zer?

U. S.: Eguna ospatu ondoren, urte osoko lanaren emaitza baloratzea egokituko zaigu, hurrengo urteetarako lagungarri izan daitekeelakoan, guri aurrekoak izan zaizkigun bezala. Eta, noski, eskertza egiteko unea izango da, urte guztian zehar boluntario asko aritu baitira lanean.

A.B.: Gainera, beharrezkoa dugu nolabaiteko distantzia bat hartzea, azken bolada honetan ekitaldi asko izan baitugu bata bestearen atzetik, eta ez dugu tarterik izan ez balorazirik egiteko, ez merezitako eskertzak behar diren bezala egiteko. Esango nuke oraindik ez garela jabetzen zenbat gauza egin ditugun urte honetan.

Uzturpe ikastola funtsezko eragilea da Ibarran, zergatik?

U. S.: Uzturpe Ikastola Ibarrako ikastetxe bakarra da. 52. Ikasturtea da aurtengoa, 52 urtez aritu gara herrian lanean eta funtsezko eragilea da bertako haurrak hazi eta hezi egiten ditugulako eta beste eragile askorekin batera komunitate bat osatzen dugulako. Aurten ikusi dugu zenbateko indarra dugun eragileok elkarlanean aritzen bagara.

A.B.: 50 urtetik gorako ibilbidea izanik, ikasle ohi asko guraso dira dagoeneko, horrek herri mailan esan nahi duen guztiarekin.

Ikastolaren nortasun ikurrei dagokienez, zeintzuk azpimarratuko zenituzkete?

U. S.: Batetik, gertutasuna azpimarratuko genuke. 500 ikasle inguru izanik, gurea ez da ikastola txikia, baina urtez urte, ikasleekiko eta familiekiko gertutasuna mantentzeko saiakera egin dugu. Bestalde, berrikuntza aipatuko nuke. Beti izan dugu pedagogietan berrikun-tza bultzatzeko grina.

Ikastolaren kanpoko patioa berritzeko behar handia du Uzturpe Ikastolak. Iker Azurmendi

Ibarra natura eta bertako barazkiei estuki lotuta dagoen herria da eta horren isla da ere Uzturpe ikastola. Izan ere, jangela propioa duzue.

A.B.: Hala da. 20 urte inguru dira jangela propioa dugunetik. Inguruko baserri eta ekoizleen barazki eta produktuetan oinarritutako menuak prestatzen ditugu. Izugarrizko balioa duen gauza izanik ere, jangela propioa izateko ekimena modu naturalean sortu zen gurean.

U. S.: Inoiz ez da bestelako eskaintzaren aldeko hautua egiteko aukerarik mahai gainean jarri. Aspalditik hala erabaki zuten ikastolan. Garaian garaikoa kontsumitzearen garrantzia ikastola sortu zenetik daukagu buruan, nahiz eta orain gehiago hausnartzen den horren inguruan.

Ikastolaren behar edo etorkizuneko erronkei dagokienez, zer adieraziko zenukete?

U. S.: Etorkizunera begira, eta Kilometroei lotuta, oso erronka polita dugu eskuartean: jolastokia eraberritzea. Aspalditik dugu jolastokia berritzeko premia. Kilometroen harira, kanpo espazioaren erabilerari buruzko lan-batzordea sortu dugu eta oso lan polita egin du urte osoan zehar. Makina bat ideia jarri dira mahai gainean, ikasleei ere galdetu egin diegu irudikatzen duten jolastoki horren inguruan. Eraikinaren barruan ere zenbait berrikuntza egin ditugu, nahiz eta batzuk oraindik bukatu gabe dauden. Hezkuntza eta pedagogiarekin zerikusia duten hamaika erronka ere ditugu eskuartean.

A.B.: Orain arte egin dugun bezala, berriro ere pertsonak, ikasleak, erdigunean jarriko ditugu etorkizunera begira hobetzen jarraitzeko erronkari heltzeko. Gizartea etengabe alda-tzen ari da eta ikastolak ere bide horri heldu behar dio.