Ibarra – “Bere osotasunean, covid-a eta pandemia alde batera utzita”. Horrela antolatuko da aurten Kilometroak 22. Ibarrako Uzturpe Ikastolak izango du horren ardura datorren urriaren 2an, eta jai egun berezia izango da, lehena izango baita eredu berriarekin. Uzturpe Ikastolako lan-taldeak urte osoko egitaraua landu du Irribarra leloarekin eta urriko lehenengo igandean proiektua borobiltzea espero du.

Kilometroak Kultur Elkarteko Nekane Artolak atzo egindako aurkezpenean adierazi moduan, eraldaketaren helburua izan da ikastolen berezko ezaugarriak hartu eta jai ereduan isla handiagoa izatea: “Jai parte-hartzaileagoa; aldarrikapenari toki handiago emango diona; tamainaz gureagoa; euskalgin-tza, kulturgile eta herri eragileekin elkarlanean sakontzea helburua duena; elkarren arteko harremanetan eta norberaren bizipenetan sakonduz ongi pasatzeko aukera desberdinak esperimentatzeko aukera emango duen jaia. Hori guztia lortu nahi izan dugu”.

Uzturpe ikastolak gogotsu hartu zuen jai handia antolatzeko lekukoa, hainbat premiari eran-tzuna emateko helburuarekin. Usue Sukia zuzendariak azaldu moduan, tamalez, gaur egungo ikastolako patioa ez da bertako ikasleek behar dutena: “Ez da jolas egin, esperimentatu edota kirola egiteko toki aproposena, eta arriskutsua ere bada, zenbait puntutan”. Horrela, Kilometroak-ek emango duen dirua hura egokitzeko erabili nahi dute. “Uzturpe ikastolak kanpo espazio berri batekin amesten duela esan liteke. Ametsa noiz beteko zain gaude denok”, gehitu zuen Sukiak.

Urte osoko lanketa

Urriaren 2a, “egun handia” egutegian dago, bai eta ordura arteko izan diren beste ekitaldi asko. “Hauxe da, hain justu, aurtengo aldaketa nagusietako bat, kultura kontsumitzeaz gain, hura esperimentatzea, bizitzea, parte hartzea ere badugula helburu”, azaldu zuen Aitor Bengoa, ikastolako zuzendaritza batzordeko kideak.

Horrela, ibartarrek hizkuntza eta kulturarekiko sentipena indartu nahi izan dute, eta atxikimendu hori gure lurrarekiko dugun loturan irudikatu nahi izan dute. “Artea, gastronomia, kultur-artekotasuna, aniztasuna, ikasleen topaketak, kirolan... jarri dugu fokoa urtean zehar burutu diren hamaika ekitalditan”, azaldu zuen.

Egun handiari begira, eskema aldaketa bat egin dute eta Kilometroak ”dinamikoa” egin nahi dute. “Guneak izango dira, noski, lau hain zuzen ere, baina tematikoki edo adinka banatu gabeak, hala, haurrak, familiak edo gazteak, denak nahastuta ibiltzea nahi dugu”, azaldu zuen Josu Ozaita, Kilometroak-eko koordinatzaileak. Hala, lau gune izango ditu Kilometroak jaiak eta lau alor: Sormena, Haurren Hiria, Euskal Musikaren Ibilbidea eta Gastronomia.

Berrikuntza gehiago ere izango dira. Hala nola, goizean hiru hitzaldi antolatu dituzte; Baratzetik gastronomiara: iraultza baterako gakoak (Jakoba Errekondo eta Javi Rivero), Ekologista naiz, baina... (Gorka Egia) eta Familia gatazka eta estresaren aurkako pilulak (Nerea Mendizabal). Ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea: kilometroak.eus.

Gainera, asteburu honetan, gaur eta bihar, eta urriaren 2an piparraren ibilbidea egitea proposatu dute gida baten laguntzarekin. Parte hartzeko izena eman behar da.

Azkenik, jendearen memorian denboran iraungo duen ekitaldi bat ere iragarri dute: urriaren 2an eguerdiko 12.00etan ekitaldi guztiak etengo dira denok elkarrekin Txoriak txori kantatzeko.

Lau alor

l Sormena. Irribartea eskultura erakusketa, zirko emanaldia eta zirko tailerra, bertso tailerrak.

l Haurren Hiria. Baso majikoa (ipuinak, fantasia, irudimena...), 20 ikastolen arteko jolas-joko topaketa (300 gazte) eta Irene Caminosen bizikleta erakustaldia.

l Euskal Musikaren Ibilbidea. Bizienea txokoa hasiberrientzat eta honako kontzertuak: Xsakara, Batumore, Munduko Irribarrak dantza, Itsas Lapurrak dantza, Diablues, Bluezifer, Xiberoots, Dj Bull, Distopia elektrotxaranga, Gabezin erromeria, Andoni Ollokiegi, Nikotina, Goazen eta Dupla.

l Gastronomia. Kilometro 0 filosofiarekin, Eusko Label gunea, 800 lagunentzat herri bazkaria, plazan Pipar gunea edota kantu bazkaria, besteak beste.