- Etorkizuna Eraikiz Foroa abian jarri da Gipuzkoan Aldundiaren eskutik, gure lurraldeko erronkei buruzko eztabaidan herritarrak inplikatzeko, komunikazio eta partaidetza-bide berria izan dadin.

Lehenengo hitzordua martxoaren 24an izango da, Kursaal Jauregian. Ziurgabetasuna izango da gai nagusia eta nazioarteko hiru hizlari ospe-tsuk hartuko dute parte.

Markel Olano ahaldun nagusiak eta Agustin Erkizia EHUko Gipuzkoako campuseko errektore-orde eta Etorkizuna Eraikiz Foroko lehendakariak aurkeztu zuten atzo Donostian, belaunaldi guztietako herritarrak inplikatzea helburu duen ekimen hau. Hori dela eta, analisi-saio bakoitza bideo batekin hasiko da, bertan, UPV-EHUko esperientzia-geletako eta Deustuko eta Mondragon Unibertsitateko ikasleek modu ireki eta lasaian izandako elkarrizketak bilduko dira.

Olanok azaldu zuenez, adituek eta herritarrek bat egingo duten "herriko plaza" ireki bat sortu nahi da, hainbat gai interesgarri aztertzeko, hala nola belaunaldien arteko etena edota aurrerapenaren bilakaera linealaren haustura.

Ahaldun nagusiak garbi azaldu zuen, "une ilun hauetan" ezinbestekoa dela, belaunaldien arteko en-tzute aktiboko prozesuen bidez argia ekarriko duen hausnarketa bateratua abiaraztea. Erkiziak, berriz, gaurkotasunak tamalez ekarri digun Ukrainako inbasioa aipatuz, "zubiak eraikitzearen" garrantzia azpimarratu zuen, aurrerapenaren haustura lineala moduko gaiak lantzerako orduan.

Martxoaren 24an izango da Etorkizuna Eraikiz Foroaren lehen saioa, eta bertan izango dira Rui Marques, Antonio Vieira Institutuko eta Lidergo Partekatuaren Akademiako zuzendaria, eta María Virginia Bras-Gomes, Portugalgo Lan, Elkartasun eta Gizarte Gaietarako Ministerioko Nazioarteko Gaietarako aholkulari berezia. Amaitzeko, Europa Erdialdeko Unibertsitateko presidente eta errektore den Shalini Randeria antropologo sozial eta soziologoak hartuko du parte telematikoki.