Oso emanak gara, oro har, herriaren izena ahotan hartzera, herritarren izenean berba egitera, herria geu eta geure moduan pentsatzen dutenak soilik balira bezala. Herriak, ordea, gurea zein beste ezein, ez dira inoiz monolitikoak, monokromatikoak, pentsamendu, joera edo sentsibilitate bakarrekoak izaten. Eta hala agertzen direnak bortxaren ondorioz eraitsi eta laututako gizarteak izaten dira. Iritzi guztiak zilegi ez direla onarturik ere, mosaiko horri uko egiteak gizartearen nolakotasunei uko egitea dakar, eta ukazio hori jarrera totalitarioen oihartzun eta isla baino ez da izaten.  

Zarauzko merkatu plazan Hurrengoa zu erakusketa erdiragarria ikusgai da egunotan. Herri honetan bizi eta jasan izan ditugun askotariko jazarpen-indarkerien eta mehatxu larrien testuingurua eta ondorio lazgarriak dira erakusketaren mamia. ETA erakundeak 1976an Jesus Mari Leizaolari Parisera igorririko mehatxu-gutuna dago tartean, Leizaola erbestean lehendakari zelarik. ETAk milaka euskal herritarri bidali izan dizkien mehatxu-gutunen eredu eta molde bertsukoa da edukiz eta tonuz. Molde jakin horren barruan, bada gauza deigarririk. Batetik, ETAk erdaraz idatzi zion lehendakariari (neuk itzuli ditut laster irakurriko dituzun zatiak). Bestetik, gutunak berak aitortzen du euskaldunok hautaturiko gobernu errepublikarraren oinordeko zenaren ordezkari gorenari idatzitako eskutitza dela, “Euskadiko Gobernuaren lehendakariari” zuzenduta baitago. Alabaina, ETAk bere buruari damaio herriaren ordezkaritza: “Guk, Madrilen tirania faxistaren aurka borrokan ari den herriaren ordezkariok...” dio. Eta eskutitzaren bukaeran heriotza-mehatxu zuzena: “Ulertu beharko dugu gure aurkariaren aliatu nagusi bihurtu zarela, eta, beraz, etorkizuneko gure ekintza armatuen jomuga kontsideratu beharko zaitugu”. 

Arma bidezko ordezkaritzaren aldarria. Erbeste bihurtutako herria.