Datorren ostiralean Macarena Olona Voxeko diputatu ohi eta Estatuko abokatuak bere proiektu berria aurkeztuko du Madrilgo Casa Americaren egoitzan, Santiago Abascalen alderditik irten ostean. “Datorren azaroaren 4an aukera zuk egin beharko duzu. Nik ez dut etsiko”, argitaratu du Twitterren. Txioan bideo bat ipini du mitin bat egiten arituko bailitzan, publikoari zuzentzen zaiolarik honakoak oihukatuz: “Ez daitezela ausartu gure izenean hitz egiten”. Ondoren, erloju baten orratzak aurrera egiten ikusten dira, bere proiektuaren aurkezpenaren atzerako kontaketa adieraziz bezala. “Izan ere, guk gizona osagarri gisa uler-tzen dugulako, ez etsaitzat. Nik familia harrotasunez defenda-tzen dudalako”, dio.
“Gizonak ez du hiltzen, hiltzaileek hiltzen dute; gizonak ez du tratu txarrik ematen, tratu txarren emaileak baizik. Guk ez dugu gizarteko sektore bat sexuagatik kriminalizatzen”, esanez jarraitzen du Olonak bere diskurtsoa. Eta amaitzeko zera dio ultraeskuindarrak: “Libre naiz, espainiarra naiz, ama, alaba eta ahizpa naiz... Emakume eta ama naizen aldetik aldarrikatzen dut, harrotasunez gainera, indarkeriak ez duela generorik jaun-andreok”.
Olonak Kongresuko eserlekuari uko egin zion aurreko uztailean, Andaluziako Ganberan diputatu akta sinatu eta jaso ostean Vox-en talde parlamentarioko bozeramaile izendatu zutenean. Abuztuaren 3an uko egin zion Andaluziako Juntako diputatu-eserlekuari, osasun-arrazoiak argudiatuta. Bitxia bada ere, handik hilabetera Done Jakue bidea egiteari ekin zion, politikatik aldentzera bultzatu zuen gaixotasunetik “erabat osatuta eta espainiarrei zerbitzatzeko” gogo biziz.
Irailean, alderdiaren batasunerako deia egin zuen zatiketa erein nahi zutenen aurrean, “partiduaren barruan egon arren”. Voxek berehala eran-tzun zion, itzulerarako bidea ixten zuen mezuarekin. Hilaren 28an, bere alderdian sartu nahi zuen jendearengan Vox eragiten saiatuko zenaren beldur ote zen galdetu zioten diputatu ohiari eta, ezetz adierazi arren, saihestu egin zuen bere proiektua alderdi berri bat sor-tzea zenik berrestea.