Orain urte eta erdi inguru abiatu zen hau guztiau. Hala adierazi du Imanol Ubeda (Tolosa, Gipuzkoa, 1973) Don Inorrez taldeko kideak. Aurreko diskoaren (Esku hutsik, 2021) birari amaiera ematen ari ziren orduko hartan. Eta taldean bazegoen zerbait berria egiteko asmoa eta gogoa. Kantu batzuk eskuartean zituzten, “bide argirik gabe”, ordea. Hari horretatik segika, honela kontatu du Tolosako musikariak: “Gu beti gaude ehizan, beti gaude banpiroarena egiten”. Ideiak izan daitezkeen modu berean, arrantzatzeko prestutasuna duenik ere bada. Handik eta hemendik aritu zela azaldu du Ubedak, harik eta irakurtzen ari zen liburuari zera bat topatu zion arte. Oier Guillán (Donostia, 1975) idazle eta antzezlearen Mr. Señora (Txalaparta, 2016) zen liburu hura. Bertako zenbait pasartek musikaltasuna iradoki zioten: “intuizioak esaten zidan hortik jo zezakeela”, musikariak.
Erabaki handiak hartzen diren bezalaxe, mahai baten bueltara eseri ziren, beraz, Ubeda eta Guillán, lehenak bigarrenari proposamena egin asmoz. Mr. Señora-ren zikloa ordurako bukatutzat ematen zuten [an-tzezlana ere izan zelako, azken emanaldia 2018an egin zuten], baina “ildo beretik” joko zuen beste testuren bat eskatu zion Guilláni. Esan, eta egin. Hilabete batzuk beranduago Aztia izeneko bakarrizketa eszenikoa jaso zuten Don Inorrezekoek. Horixe izan zen abiapuntua, gerora, testua txatalez eta mozketez aldatzen joan zen arren. Testua nola, kantuak ere egokitzen joan ziren.
BI BATEN TRUKE
Eta, hala bada, heldu da Aztia. Don Inorrez taldearen diskoa dagoeneko entzungai dago. Baina, ez da disko soil bat. Izan ere, oholtzara Metrokoadroka Sormen Laborategiko kideekin igoko dira. Albumaz gain, hortaz: pieza. Obra. Antzezlana. Performancea. Zeinahi dela ere hobekien deskribatzen duen hitza, otsailaren 8an ikusiko du argia, estreinakoz, Donostiako Lugaritz kultur etxean, elkarlanean sortutako lanak.
“Nire habitat naturala antzerkia da”, esan du Oier Guillánek. Ez zuen, ordea, kantagintzari dion errespetuagatik proposamena alboratu, eta bete-betean murgildu zen proiekturako testua sortzen. “Erronka ezohikoa izan zen, antzerkia idatzi behar nuelako baina ez eszenarako, musika egiteko baizik”, erantsi du.Hala ere, ez da Metrokoadrokarrak eta Ubeda elkarlanean aritzen diren lehen aldia. Orain dela hamarkada pasatxo Nola belztu behar zuria izeneko emanaldia ondu baitzuten, garai hartan, Bide Ertzean taldearekin. Joxean Artzeren poema batzuei musika jarri zieten eta aretoz areto ibili ziren. Baina oraingoak badu beste izaera bat: bakarrizketa formatuan dator. “Bulkada diskoa izan den arren, nahiko modu naturalean etorri da antzezlana, eta elkarren arteko eragina izan dute”
Patrika Zabalegi autolaguntzarencoach modukoa izango da protagonista. Oier Guillán bera jarriko da haren azalean, eta terapia zorrotz, ironiko eta deserosoa eginen du ikusleekin. “Nirekin fio ez bazarete/ denbora aurreztuko dizuet/ ez daukat titulu bakar bat ere/ ezta beharrik batere”. Horrela dio Autolaguntzaren aztia izeneko kantuak, eta ematen ditu pista batzuk lanaren inguruan. Ez da bakarrik arituko antzezle lanetan, Ainhoa Alberdiren konpainia ere izango baitu.
Hain justu, aipatutako ironia horren bila jardun da an-tzerkigilea. Tonu hori behar zuela uste zuen, eta horrek eraman du hainbat gairen inguruan mintza-tzera: gizartean garaiotan hain zabalduta dauden etsipena eta desesperantza. Kulturgintzan dabiltzanen nekea jarri du adibidera, zeinak pandemia ostean, hartu izan ziren erabakiekin desliluraturik somatu bai-tzituen. Zorionez, atsekabe horri erantzun ahal izan zioten, hein batean, liluraren aldeko ahaleginei esker.
Guillánek, hari horri segika, honela izendatu du gaia: “Guk esaten dugu gaia des-deslilura dela”. Haren ustez, bizitzan lilura gauza askorekiko sentitu izan dugu, edo, are gehiago, “idealizatuta” izan ditugu. Aztiak, Zabalegik alegia, berriz, etsipen horri buelta emateko behar batean oinarrituko du bere diskurtsoa. Boterea berreskuratzeko ahalegin gisara planteatzen du, nolabait. “Zoriontasuna hasiera besterik ez da”, da pertsonaiaren leloa, irudikatu nahian bezala, zoriontasunaren biharamuna are ederragoa izango dela. Hala, beraz, bihurrikeria erabiliko du aztiak ikusleak xaxatzeko, betiere ulertuta “maitasun ekintza” baten gisara, itxaropenaren bila.
Albumaz gain, hortaz: pieza. Otsailaren 8an ikusiko du argia, estreinakoz, elkarlanean sortutako lanak.
ELKARRI EGINDA
Antzezlana sor-tzeko abiapuntua “ezohikoa” izan bazen aktorearentzat, are ezohikoagoa izan zen musikariaren-tzat. “Bakarrizketa literario bat edo halako zer edo zer idazteko eskatu genion, ez hamar kantu”, Ubedak. Haren hitzetan, Guillán antzerkiaren adierazpidean aske sentitu zedila nahi zuten, berea zuen moldeetatik gertuago. Eta, hain zuzen ere, horri garrantzia eman diote kantuak konposatzeko orduan. Izan ere, euskarri zuten testuak ez zuen oraindik kantatua izateko forma bat. Melodiak eta abestiaren hitzak osatzeko beste lan bat egin behar izan dute. Aitortu du, era berean, ez zirela hutsetik abiatu: “Zorionez, Oierrek gure taldea eta musika ongi ezagu-tzen ditu. Uste dut intentzio bat egon dela bere aldetik gurera ekartzeko”. Eta azaldu du jaso zuten testu hartan zenbait elementu identifikatu zituztela: tonua, ironia, errepikapenak, hitz-jokoak… “horiek gure letretan ere agertzen dira nolabait”, gehitu du tolosarrak. Hartara, lan honen abiapuntuak bazuen Don Inorrez taldearen “humus” antzeko bat, eta lana “erraztu” diela uste du. Kontrara, jabe da dena ezin zitekeela musikatu, an-tzeztuak indar handiagoa izango zuelakoan.
Musikak eta antzerkiak bat egin duten arren, musikariaren arabera, sortu berri dituzten abestiok modu autonomoan ere funtzionatzen dute. “Abesti bakoitzak istorio bat, kontakizun bat dauka, eta bere horretan ulertzen da eta funtzionatzen du”. Baina, uste du antzezlanarekin batera ikustean, beste zentzu bat hartzen dutela. Ubedak gaiari tiraka: “Aztia obraren baitan askoz osagarriagoak dira gure lanak. Ainhoak eta Oierrek oholtza gainean egiten dutenari esker hobeto ulertzen dira abestiak, baita alderantziz ere”.Ez du ukatu etorkizunean, kontzertu arruntetan ere kantuetako batzuk joko dituztenik, hain justu, taldearen esentzia ongi biltzen duten abestiak direlako Aztia-n bildutakoak.
Datorren astean abiatuko dute jendaurreko bira, eta prestaketetan murgilduta daude; nor bere kabuz, etabaita elkarrekin ere. Arituak dira aurretik taulak partekatzen, eta, diotenez, ez zaie arrotz egiten berriz ere partekatzea, azkenengo alditik hamar urte pasa diren arren. Aurreratu dute entseguetan oso “dinamikoa” den ikuskizuna dela; eta, era berean, “kontzertu baten pultsua” duela. Ubedak erantsi du, saiatu direla ez dadin geratu abestia-pieza-abestia-pieza formatuan, rocka batetik eta an-tzerkia bestetik. Bi lengoaien arteko dialogoa bilatu dute, funtsean, hori izan da haien ustez “gakoa”. Ez dira tematu gertuago egoten kontzertuetatik, ezta gertuago antzerkiaren formetatik. “Ikusleen feedbackaren arabera baldintzatuta egongo da, jakina, baina hori ohiko kontzertuetan ere gertatzen da”.
Bere aldetik, Guillánekdio oraindik ere ez duela oso argi nolakoa den pieza, eta estreinu egunera arte halaxe egongo dela, zalantzaz josita: “Oholtzatik jaitsitakoan deskubrituko dugun zerbait dela iruditzen zait”. Bat egiten du Ubedak feedbackaz esaten duenarekin, izan ere, bakarrizketa gisa planteatzen duten arren, ikusleekin elkarreraginean arituko da Patrika Zabalegi, eta ikusleen erantzuna ezinbestekoa izango da orduan.”Antzerkiak bi fase ditu: estreinaldiaren aurretik dagoena, eta ordutik aurrerakoa”.
Lehenengo horretan dauden honetan, entsegutik entsegura piezak urratsak egiten segitzen duela azaldu du. Azpimarratu du haientzako erronka bestelakoa izan dela: sortu zuten hasierako testu hari kimaketa lanak egitea: “Hasierako hitzen paisaia horretatik, oholtzarainoko bidean, kendu eta kendu ari gara, musikak eta gorputzak lekua izan dezaten”. Ez da hori lan bakarra errepiketakoa. Ainhoa Alberdik butoh-dantzarekin osatuko baitu bere ekarpena, eta dantzak, mota horretakoak bereziki, adierazkortasuna eta gorputza oso presente ditu.