Letren lurraldean egin dira ezagun, eta edozein liburu-dendatan aurki di-tzakegu euren izena daramaten lanak. Errotatibak gelditzen direnean, idazmakinak nahikoa dela garrasi egiten duenean, baina, kolorez margotzen dute mundua. Artea dute pasio eta mota guztietako lanak sortzen dituzte; sarritan, baina, euren begientzat soilik. 

Uda bukaera heltzen denean, asko dira tristezia eta galera sentsazio batek hartzen dituenak. Eguzkiaren berotasuna apaldu egiten da, eta egunak laburtzen eta gauak garaitzen doaz. Ikasturte berri baten hasiera izaten da, eta horrek urte berri baten hasiera suposatzen du, urtarrilaren 1ak suposatzen duena baino gehiago, askotan. Horri guztiari igande arratsalde bateko bizipena batuz gero, poztasuna leihotik nola irteten den ikusteko gaitasuna ere eskaintzen die batzuei. Hala ere, hori ez zaio mundu guztiari gertatzen, zorionez; eta are gutxiago Arabako Aiaraldea eskualdean bizi diren biztanleei. Beraien kasuan, udako igande arratsaldeak, bi asterik behin behintzat, bereziak bihurtzen dira. Zuzeneko ikuskizunek eta hauek sortzen dituzten artistekin solasaldiak izateko aukera eskaintzen du Arte Hartze Zikloak. Aurten, bigarren edizioa izango du eta pasaden irailaren 15etik eta hurrengo azaroaren 23ra bitarte, sei ekitaldi izango dira ikusgai. Maialen Lujanbio, Maider Lasa, Amorante eta Faktoriako sortzaile egoiliarrak bildura dira bertan. Antzerkia, kontzertuak, esperimentazioa eta askoz gehiago. 

“Arte Hartze Zikloa proposamen berezi bat da. Ez dugu ohiko ziklo bat antolatu nahi izan, baizik eta publikoa eta artista gerturatzen dituen zerbait nahi genuen. Sormena jendarteratu”. Nerea Iglesias Lili-ren hitzak dira. Bera da Kultur Faktoriako arduraduna, eta zikloaren eraketan ibili da lanean. Aiaraldean eskaintzen dutena, Iglesiasen arabera, sortzailea eta publikoa hurbiltzea da: “Eskaintzen ditugun emanaldien ondoren, solasaldiak antolatzen ditugu sortzaileekin, publikoak ezagutu dezan pieza baten atzean zer nolako sormen prozesua dagoen”. Horretarako, eskaintza oparoa prestatu duten aurten. Kasu batzuetan, ziklo honetarako espreski sortutako piezak dira; eta, beste batzuetan, aldiz, sortzaileek lehendik egindako lanak berreskuratu dituzte. 

Martxan da zikloa dagoeneko. Pasaden irailaren 15ean, Goroldiorik ez izenburupean, Artziniegako landa eremutik egindako ibilbide kultural bat burutu zuten. Hurrengo emanaldia bihar izango da, Maialen Lujanbioren eskutik. Hernaniarrak poesia, bertsoa, irakurketa eta ikus-entzunezkoa nahasten dituen errezitaldia eskainiko du. Hizkuntza lehengai bezala erabiliz, erregistro desberdinetan erakutsiko du. Hirugarrena, urriaren 13an, Eukaliptus obra izango dago, hitzaldi performatibo formatuan. Iglesiasek dioenaren arabera, “espresuki gure ziklorako sortua da”. Izan ere, lana ziklorako moldatu dute. “Beraiek normalean antzerkia egiten dute, baina oraingo honetan ezin zuten egin ez baitzen egokitzen gure taularen neurrietara”, gaineratu du arduradunak. Monolaborantzari buruzko komedia kritiko bezala definitu daiteke ikuskizuna. Horren ondoren, Maider Lasaren Loa Loa kontzertua antolatu dute urri amaiaeran, bi diziplina batuz egun berdinean: kantua eta proiektu eszenikoa. Berdina gertatuko da bi aste geroago, Shua Grup eta Amorente eszenan agertuko diren egunean

Artziniegan egin zuten Goroldiorik ez emanaldia. AIMAR GUTIERREZ

ARTE MAN FESTA

Faktoriako koordinatzaileak jakinarazi duenez, Shua Group Detroiteko taldea da eta astebetez egongo dira egonaldi batean eskualdeko artista desberdinekin, sormen lan komunitario batean: “Amoranteren kontzertua baino lehen saio ireki batean aurkeztuko dituzte egonaldian ateratako ondorioak. Emanaldi dobleak izango dira nolabait”. Ondoren, Ane Guevarak bere pieza aurkezten du bigarren aldiz, azaroaren 10eko egitaraua osatuz. La Descarada izeneko antzerkia taularatuko du. Bukatzeko, azken emanaldia, “Arte Man Festa” egun berezia izango da, 2024ko sortzaile egoiliar guztien jaia izango baita. Egun horretan, zazpi sorkuntza prozesu ezagutu ahalko dira, arte diziplina desberdinetan jorratuak. Ondoren, mahainguru bat egingo dute. “Egun honek bukaera emango dio zikloari eta jardunaldi mamitsua eta interesgarria izango dela seguru gaude”, laburbildu du Iglesiasek.  

Ziklo berezi honen hazia duela lau urte erein zen, nolabait. Aiaraldea Ekintzen Faktoriak Antzerkia eta txokolatea izeneko proiektua jarri zuen martxan. Horren ondoren, emakume sortzaileen zikloa burutu zen, eta iaz Arte Hartze Zikloa sortu zen lehen aldiz. Azken honek lehen bi urteetan egindakoa barnebiltzen du. Iglesiasek azaltzen duenez, “orain sortu dugun ekintzak, bere bigarren edizioan, tokia egiten die beste gauza hetereogeneoago batzuei. Aurtengo ekitaldiaren ezaugarri nagusia proposamenak esperimentalak eta performatiboak direla da. Pieza berezi hauei toki egin diegu”. Lehen aipatu bezala, zerbaitek berezia egiten badu performance bilduma hau, hori da sortzaileen eta publikoaren arteko lotura zuzena. Horretarako, faktoriako aretoa nahiko txikia eta intimoa da. “Orain arte egin ditugun esperientzietatik tiraka horrekin jabetu gara. Horrez gain, artearen alderik gizatiarrena erreskatatzeko balio izan digu. Lehen, agian, publikoarekin hurbiltasun gehiago zegoen; baina, azken urteetan artista bat aurkezpen bat egin eta gero joan egiten zen. Hemen ondorengo goxotasun bat sortu nahi dugu”. Antolatzaileek bilatzen dutena ez da, beraz, ariketa pedagogiko bat aurkeztea, baizik eta jendea konturatu dadila pieza bat lortzeko pausu asko eman direla aurretik. “Helburua pieza bakoitza aletzea da, gero hausnarketa bat sortzeko nahiarekin. Publikoak jakin ahalko du zer den pieza bat lehen aldiz jende aurrean erakustea sortzaile batentzat, adibidez”, Lili-ren hitzetan. 

Sortzaileen hitzen narratiba entzuteko aukera egongo da: zer ardura izan ditzakeen, sorkuntza prozesua nola sustatzen den, blokeo momentuak nolakoak diren, etab. “Sorkuntza prozesuaren inguruko hausnarketa sortu nahi dugu, diziplina desberdinen bitartez. Publikoak artista ezagutu ahal du eta honek ikuslearen feedback-a jaso dezake. Artista bera humanizatzeko modu bat ere bada era berean”.

Piszifaktoria ekintzen laborategiak espreski ziklorako ondu du Goroldiorik ez emanaldia. Mikel Ayllon

IBILBIDE KULTURALA

Lehen ekitaldia pasaden irailaren 15ean egin zuten Artziniegan. Beste ekintza guztiak, ordea, Laudioko industrialdean kokatuta dagoen egoitzan egingo dituzte, baina hasierako ekimena leku berezi batean egin nahi zuten, zuhaitz historiko baten inguruan. Iglesiasek ongi azaldu duenez, “Artearen kontzeptuak esanahi asko ditu. Artziniegan arte motako zuhaitz bat dago, La Encina deiturikoa. Oso zaharra eta famatua da. Artea zuhaitza da, baina hitza bera hainbat modutan uler daiteke”. Iazko edizioa ere bertan hasi zuten, eta aurten irekiera ekitaldia berriro egin nahi izan dute leku berdinean. 

Aurten, hala ere, kutsu berezia izan du hasierak, lekuaz gain, bertako bost emakumeren oroitzapena berreskuratu izan baitute. Faktoriatik Piszifaktoria Ideien Laborategiari eginiko enkargu bat izan zen, azken hauek iaz Bizkaiko hiriburuan antzerako ekitaldi bat egin baitzuten. “Iaz Bilboko Loraldia Festibalak egin zigun lehen aldiz eskaera, natura eta memoria lotzeko nahirekin. Guk ideia hori hartu eta pixka bat zer egin genezakeen lantzen hasi ginen. Berehala etorri zitzaigun burura memoriatik ezabatu gaituzten emakumeen bizitza berreskuratzea. Eta ibili, egunero ibiltzen gara, baina ibiltze ekintzaren atzetik zer dagoen, nondik datorren, ze garrantzia daukan, etab. Bi ideiak batzea izan zen egin genuena”. Horrela azaldu du prozesua Mikel Ayllon ekitaldiaren antolatzaileak.

Irailaren 15ean jarri zuten martxan Arte Hartze zikloa MIKEL AYLLON

“Oso egun ederra izan zen. Eguraldia ere lagun izan genuen, eta 30 bat lagun bildu ginen. Oso gauza politak gertatu ziren; besteak beste, Artziniegako emakume baten historia kontatu genuenean, han zeuden bi emakumek emakume hura ezagutzen zutela esan ziguten. Orduan, informazioa osatzen lagundu ziguten, istorio gehiago kontatuz. Momentu berezia izan zen”. Izan ere, gauzarik zailena ekitaldia eratzerako orduan informazioa lortzea izan zen. “Lanik zailena izan da dokumentazioarena, batez ere emakume gehienei ez zaielako leku askorik eskaini historia liburuetan. Hortaz, guk egin behar izan ditugu bi gauzak: batetik, aurretik saio ireki bat egin genuen, jendeak emakume horien inguruko informazioa eman ziezagun. Oso lan zaila izan zen orokorrean”, aitortu du Ayllonek. 

Bilbon egin zutenean Loraldirako ibilaldia, zaila suertatu zitzaien protagonisten inguruan informatzea, baina hiriburua izanez, emakumeei lotutako informazioa aurkitzea apur bat errazagoa izan zen. Baina, oraingo honetan, eskualde batean, herri txikiekin, lana zailagoa izan da. “Gogora Instintuaren laguntza izan dugu eta azkenean izen batzuk agertu ziren. Askotan, gutxien espero duzun lekuetan aurkitzen dituzu erreferentziak eta puzzle bat osatzen joan behar duzu handik eta hemendik. Oinarria errealitatea da, baina gero hein batean historian estali ezin diren hutsune batzuk estaltzeko, nolabait, fikzioa ere erabiltzen dugu”, adierazi du antolatzaileak. Bukaeran, jendea oso eskertuta egon zen, oso ariketa polita izan baitzen ibilaldi lasai bati lotua. “Pieza oso polita izan zen, kaskoen bidez hausnarketa desberdinak entzuteko aukerarekin eta bidean zehar emakume desberdinen istorioak ezagutuz. Bertaratu zirenentzat oso hunkigarria izan zen, natura eta kultura modu interesgarrian uztartuz”, Liliren esanetan.