Marina Landa (Donostia, 1993) komunikatzaile, kultur kudeatzaile eta musikaria da. Denbora luzez egin du lan kultur eta sormen industrietan eta joan den urteko abenduan komunikazioan doktore bihurtu zen euskal musika herrikoiari buruzko tesiarekin.

Tesian, 1990etik 2019ra Gaztea irratian entzun diren Euskal Herriko 300 kantaren letrak aztertu ditu, azken 30 urte hauetan nagusitu diren mezuak mahaigaineratzeko, genero, lurraldetasun eta hizkuntzari buruzko diskurtsoetan arreta berezia jarrita.

Paraleloan, eta baita 2023an ere, Marinak bere lehen diskoa kaleratu du Ariarekin, bere musika taldearekin, alegia: Urdin. Marinak bizitza erdia darama konposatzen eta idazten, berarentzat barnea askatzeko modua baita. Istorio pertsonalak nahiz iritzi politikoak isla-tzen ditu, berarentzat abestiek indar handia dute, gizartean eragina izan eta eraldatzeko.

Finean, bere tesiak sormenean lagundu dio eta, modu berean, kantautore bezala izandako esperientziak tesiari berari ere forma ematen lagundu dio.

Marina Landaren kultur gomendioak

Abesti bat:  Gure taldearen, alegia, Aria musika taldearen Anime perdute. Irakurleak gure taldearen lehen singlea entzutera gonbidatu nahi ditut, italieraz eta euskaraz izateaz gain, bereziki garrantzitsua iruditzen zait kantaren mezua azpimarratzea: Mediterraneoa gurutzatzen duten pertsonei laguntza eta asiloa ematea ukatzen duten horien jokabidea salatzen dugu.

Musika talde bat: Molotov Jukebox britaniarrak. Oso motibagarria eta alaia egiten zait beraien musika eta aurikularretatik nahiz etxean kozinatzen edo garbitzen ari naizela maiz entzuten dut.

Bakarlari bat: Anari. Malenkonia gazi-geza da niretzat bere musika, eta bera erreferente bat.

Liburu bat: Elvira Lindoren Una palabra tuya. Oso hunkigarria eta benetakoa egin zitzaidan, liburua irakurtzeaz asko gozatu izana oso gogoan dut.

Antzezlan bat: Lauzpabost StandUp da ikusi dudan azken ikuskizuna eta oso-oso ondo pasa nuen. Joan ikustera!

Telesail bat: The staircase izugarri gustatu zitzaidan eta Toni Collette eta Colin Firth maite ditut.

Kultur espazio bat: Donostiako San Telmo Museoa. Maitasun berezia diot nire lehenengo esperientzia profesionala han bizi izan nuelako. Aretoko arduraduna nintzen, eta 18 urte bete berri nituen. Kanpoko lagunak Euskal Herrira bisitan etortzen direnean beti eramaten ditut bertara, eta bildumako piezak azaltzen dizkiet (nire modura, noski!).