Donostiako Zinemaldian parte hartzeko hamaika modu daude, eta makina bat azpiatal eta azpisailez osatua dago ikus-entzunezkoen festa handia. Besteak beste, 21. edizioa izango du aurten 13 lanez osatutako zinema eskoletako ikasleei zuzendutako Nest sailak. Irailaren 19tik 23ra pantailaratuko dituzte filmak eta 10.000 euroko saria jasoko du irabazleak.
Nobedade batek bete ditu lerroburuak aurten. Estreinakoz arituko dira lehian bi euskal film: Nagore Murielen 'Erro Bi' eta Mikele Landaren 'Noizko Basoa'. Nazioarteko beste 11 lanekin batera pantailaratuko dira Murielen eta Landaren sorkuntzak eta 44 herrialdetan 350 lanen artean izan dira hautatuak euskal zinemagileen pelikulak.
"Sorpresaz eta pozez" hartu ditu bi zinemagileak hautaketak. Hain zuzen, eskolarako sortutako proiektu batek bide profesionala urratzen hasteak ezustean harrapatu ditu Muriel eta Landa. "Nire gradu amaierako lana da 'Erro Bi'. Unibertsitateak egin behar du kudeaketa horrelako kasuetan eta baiezkoa eman nuen hori delako tokatzen zaidana orain; nire lana zabaltzea", azaldu du Murielek. Emandako aukera probestu eta Zinemaldian tokia egitea lortu du zinemagile gazteak. Landak nabarmendu, ordea, ez zuela espero 21 urte hauetan euskarazko lanik egon ez izana: "Elias Querejeta zine eskolako lanak hautatuak izan dira beste edizio batzuetan eta harritu ninduen jakiteak gu ginela lehenengoak euskarazko proiektuekin".
Heriotzatik naturara
Euskaraz pentsatuak eta sortuak izateaz gaindi, ezer gutxi dute komunean Murielen eta Landaren lanak. Heriotzaren bueltako hausnarketa ondu du batak, eta herriko ekimen bat baliatu du besteak. Murielek familia baten gatazka du hizpide; hain zuzen, gertuko heriotza baten ondorioz arrakalatutako ama-alaba arteko harremana: "Heriotza, oroitzapenak, memoria… doluak dakarren prozesuaz hausnartzen ibili naiz. Filmean, nolabait, alabak barneratu du gertuko heriotza; ama, ordea, onarpen fasean dago. Ikuspuntu ezberdinak dituzte". Tabutzat duen gaiaren inguruko gogoeta bultzatzea du asmo Murielek.
Jaioterrian kokatu du bere filma Landak, Ean (Bizkaia). Herriko basoak biziberritzeko Basokideak ekimenaren garapena kamera eskuan hartuta segitu du. Baso baten jaiotza harrapatzen aritu da, baina, landatze prozesua erakusteaz harago doa zuzendariaren asmoa: "Muina da gizakiok inguratzen gaituen natura eta lursailekin dugun harremana, ez hainbeste ekimena beraren erretratu fidela egitea". Dokumental kutsua duen arren, zinema esperimentalaren alorrean kokatu du filma Landak. Gogoeta baten murgilduta ere ibili da zuzendaria errodajean: "Guk filmatu dugu zuhaitzik ez duen baso bat, eta landatzen aritu diren herritar asko aritu dira ereiten agian ikusiko ez duten baso bat; paralelotasun horretan aritzea plazera izan da".
Prozesuaren irakaskuntza
Hastapenetan ari dira bi zinemagileak eta erronka izan da filmen sortze prozesua. Landaren bigarren lana da zuzendari gisa eta Murielek bere lehenengo lan "handitzat" du 'Erro Bi'. Errodaje egunak gozatzeko eta ikasteko parada izan direla nabarmendu dute biek.
Murielentzat aurrera egin ahala sortutako korapiloak askatzea izan da erronka, ustekabeei aterabidea topatzea. "Ikasi behar izan dut momentuan erreakzionatzen, nahiz eta aurreprodukzio lan handia egin beti daude aurreikusi ezin daitezkeen gauzak grabaketan bertan". Izan ere, zuzendari lanek berez dakartzate hainbat erabaki. Hala nabarmendu du Landak: "16 milimetroan filmatu dugu, analogikoan. Lehenengo aldiz aldendu naiz digitaletik". Horrez gain, muntaia fasean eraiki da Landaren filma gehienbat, eta erabaki zailak gorabehera asko gozatu du bidea.
Behin lanketa guztia eginda, estreinaldirako prest dira 'Erro Bi' eta 'Noizko Basoa'. Besteak beste, Suitzako, Kolonbiako, Alemaniako zein Dominikar Errepublikako lanak daude lehiakideen artean.