Enrike Solinisek (Bilbo, 1974) Euskal Herriak orkestra barroko iraunkor bat behar zuela uste zuen eta horretan atzetik ibili da, berau sortzea lortu duen arte. Orain dela aste gutxi martxan jarri zuen eta Galdakaon burutu dituzte entsaio irekiak. Hurrengo astean igoko dira oholtzara, Barroko garaian –XVII eta XVIII. mendeen artean– errege gortetan baina baita ere herri tradizioan ohikoak ziren maskaradetan oinarritutako ikuskizun bat aurkezteko. Masquarade otsailaren 26an eskainiko dute Bilboko Arriaga antzokian. Bi egun beranduago, aldiz, Donostiako Kursaalen izango da orkestra.

Euskal Herriko Orkestra Barrokoa sortu berri duzue. Nola sortu da proiektu hau?

–Aspaldian buruan genuen gauza bat zen. Antzinako musikan espezializatutako musikariak gara; asko kanpoan ibilitakoak gara, gainera, kanpoko orkestrekin. Nire emazte Miren Zeberio eta biok 22 urtez beste proiektu bat ere bultzatu dugu, Euskal Barrok Ensemble. Hura ensemble txiki bat da eta beste gauza batzuk jorratzen ditugu, baina orkestrarena beti izan dugu buruan, ikusten genuelako Euskal Herrian bazeudela musikari nahiko horrelako orkestra bat sortzeko.

Euskal Herriko Orkestra Barrokoak ez du, ordea, Euskal Barrok Ensemble proiektua ordezkatuko, ezta?

–Euskal Barrok Ensemble gure proiektu pertsonala da. Bestea orkestra bat da, beste errepertorio bat jorratzeko pentsatua. Euskal Barrok Ensemblekin ezingo genuke errepertorio hori jorratu. Beste kontzeptu bat da, beste musika mota batekin eta errepertorio guztiz desberdinarekin: operak, oratorioak, kontzertuak, ganberako musika jo dezakezu. Beste beste mundu bat da.

Non lortu dituzue musikariak?

–Ez gaude garen guztiak, Euskal Herrian badirelako beste batzuk. Gehienok elkar ezagutzen dugu eta Europan zehar, orkestretan, topo egin izan dugu. Euskal Herrian ez dago Antzinako Musika ikasketak egiteko aukerarik, ondorioz, guztiak kanpoan ikasi dugu. Bestalde, orkestraren barruan Akademia proiektua martxan jarri dugu. Bertan, goi-mailako ikasketak bukatu dituztenek, curriculuma bidaltzeko aukera dute, gurekin aritu eta errepertorio barrokoa lantzeko. Jende askok eta askok bidali digu curriculuma. Horietako sei bat aukeratu ditugu eta Galdakaoko Torrezabal kultur etxean egin ditugun entseguetan gurekin ibili dira. Oso ondo moldatu direnez eta kalitate handiko musikariak direnez, egiten ari garen kontzertuetan orkestrarekin joko dute musikari profesional bezala.

Musikari batentzat ez da erraza ikasketak bukatu eta orkestra batera salto egitea.

–Oso konplikatua da eta, uste dugu, aukera txukuna eskaintzen dugula. Miren eta biok harrituta gaude jaso ditugun proposamen guztiekin. Eta, gainera, ez bakarrik Euskal Herritik, Estatu espainiarretik ere jaso ditugu bat edo beste.

Zerk egiten du musika barrokoa erakargarri?

Musika barrokoa oso musika zuzena da. Guztiok ditugu buruan melodia barroko asko, gertatzen dena da askotan ez dakigula barrokoak direnik ere. Vivaldiren Lau urtaroak, esaterako, musika barrokoa da. Musika klasikoaren ama edo amona dela esan genezake. Instrumentuak ezberdinak dira eta instrumentu horiek musika tradizionalarekin lotura zuzena dute. Musika kultuaren eta musika tradizionalaren joan-etorrian ere koka genezake. Oso musika freskoa da.

‘Masquerade’ ikuskizunean musika kultua eta tradizionala nahastu dituzue?

Masquerade-n badaude XVII eta XVIII mendeko konpositoreen musikak, gorteko dantzak, baina baita ere, Iparraldeko Berritza elkarteko dantzariek parte hartuko dute, Mixel Etxekopar bere txirularekin etorriko da eta Julio Soto bertsolariak zenbait bertso botako ditu. Esan nahi dudana da, musika barrokoa ez dela musika kultua bakarrik, askoz irekiagoa ere bada egituran eta barruko mamian. Inprobisatzeko aukerak ematen ditu, adibidez, ez da gauza hermetiko bat.

Euskal Herriko Orkestra Barrokoa entsegu batean, Solinis buru duela. ANE&JOSE

Zer garrantzia zuten maskaradek barroko garaian?

–Europa guztian ikuskizun inportanteenetakoak izan ziren, batez ere, Frantzian eta Ingalaterran. Händel, Purcell, Lully, Marais eta beste konpositore batzuk, esaterako, maskaradetako musika konposatu zuten. Hasierako maskaradek mamian zera zuten, egun gutxi batzuetan mundua buruz gora jartzeko ahalmena. Boteretsuek behartsuen paperak hartzen zituzten eta klase baxukoek, aldiz, nobleenak. Horrekin batera, barrea gizartearen sendagarri bezala erabiltzen zuten eta maskaradak, nolabait, momentu askatzaileak bihurtzen ziren.

Barroko garaian ere mantendu al zen hori?

–Erdi Arotik zetorren zerbait zen, baina barroko garaian aristokraziak berea egin zuenean ikuskizuna, bere mundura eraman zuen. Egitura aldetik pertsonaiak eta karikaturak mantendu zituzten, baina bere filosofiaren interesak aldarrikatzeko erabili zituzten. Halere, gure ikuskizunean Erdi Arotik Barrokora arte izan zen espiritua mantendu dugu, musika kultua eta herrikoia uztartuz. Horrela, publikoak bi plano horiek ikusi ahal izango ditu. Gero, gainera, horretaz guztiaz hausnarketa bat botako dugu Julio Sotoren bidez: zer da maskarada, nolakoa da gaur egun, zeintzuk dira gaur egungo interesak...? Maskaraden atzean mezu potente bat dago beti.

Dantzariak aipatu dituzu lehenago. Dantza funtsezkoa izango da ikuskizunean.

–Bai. Dantza beste arte askatzaile bat da, maskarada bera edo inauteriak diren bezala: barruan daukazuna askatzeko praktikak. Kuriosoa da zein erlazio dagoen Barroko garaiko gorteko maskarada eta Iparralde eta Zuberoako musikarekin.

Zergatik?

–Erlazioa oso zuzena da. Luis XIV Frantziako erregearen gortean dantzari euskaldun asko zegoen eta beraiekin Euskal Herriko pauso eraman zituzten. Bueltan gortearen eragina ekarri zuten. Mixel Etxekopar maskaradako doinuetan aditua da. Orkestrarako kanta guztiak jo zizkigun eta guk ia-ia buruz berarekin jotzen ikasi ditugu. Horretan ikusi dugu maskaradako zenbait doinu eta dantza, Barrikada, Gabota edo Godalet-en esaterako, konpositore famatuen zenbait obren pasarteetan antzeman daitezkeela. Kontzertuan erlazio estu hori azpimarratu egiten dugu. Modu berean, Nafarroako erregeek bere gorteetan zituzten musikak ere berreskuratu ditugu, gari horietan entzuten ziren bezala jotzeko.

Zenbat izango zarete Kursaaleko oholtzan?

–32 pertsona. Orkestra 25 lagunek osatzen dugu, dantzariak ere badira mordoxka bat...

Zer ibilbide egin nahi duzue proiektu honekin?

–Miren eta biok lan eta lan gabiltza proiektu honekin, behar-beharrezkoa dela sinisten dugulako. Ilusio handiz ere bagabiltza, proiektu polita delako... Noski, denbora asko eta esfortzu asko eskatzen du. Ezinbestean laguntza jaso behar dugu. Bizkaia aldetik jaso dugu eta ea Gipuzkoatik ere lortzen dugun zerbait. Galdakaoko udaletik ere jaso dugu laguntza. Han entsegu irekiak egin ditugu eta oso esperientzia polita izan ari da: ikusleak edo eskolako umeak etorri dira, piezen eta instrumentuen nondik norakoak azaldu dizkiegu... Oso proiektu polita dela uste dugu eta, esan bezala, laguntza gehiago ere beharko dugu urtez urte ikuskizunak sortzeko. Gure apustua kalitatearen aldekoa da eta gure orkestra Europan goi-goian dauden taldeen mailakoa izatea nahi dugu. Horretarako lan eta entsegu asko egin behar ditugu eta finantzaketa nahikorik ez badago, emaitza ez da inoiz goi mailakoa izango.