Udazken honetan ez du izango urtaroak dakarren malenkoniarik. Zuzendari eta egile bezala haurrentzako Hansel eta Gretel eta endreduzko komedia bat estreinatuko ditu urrian. Aktore gisa, Ane Zabalarekin batera tragikomedia absurdoaren generoan barneratuko da berriro. Eta Gaizka Sarasolak idatzitako Urak ttiki dire estreinatuko du azaroan. Galder eta Galder eta Galder.

Hamaika urterekin hasi zinen Radio Euskadin lanean; jubilaziorako izango ziren arazoak sumatu zenituen ala?

Bai, noski, horregatik hasi nintzen lanean horren gazte. Kalkuluak eginak ditut eta 80 urte ditudanerako jubilatzeko aukera izango dut. 70ekin jubilatu ahal izateko, hobe hiru urterekin lanean hasi izan banintz, baina, tira, haurtzaroko urte gutxi batzuk gozatzeko aukera izan nuen behintzat...

Garai horietako oroipen berezi bat?

Irrati saio bat egiteko kutxa erraldoiarekin joaten ginen estudiora, bobina, kartutxo eta binilozko diskoek betetako fruta kutxa horietako bat. Irratia ez fisikoki soilik, estetikoki eta eduki aldetik beste modu batez egiten zen, oso pertsonalak ziren irratsaio guztiak. Orain komunikabideetan homogeneizazio itzela dago, marka hutsak dira bilatzen direnak, nortasunik gabekoak. Nora eta nola goazen ikusita, nola ez gara bada nostalgiko eta erromantikoak izango?

Curriculum luzea duzu, baina zein izan da egin duzu lanik arraroena?

Etortzeko daudenak izatea espero dut. Orain bideoklip bateko protagonista izatea eskaini didate eta pozik nago. Izaki Gardenak taldearen Amaieratik hasi disko berriaren aurkezpen kantuaren klipa, Zainak zain. Taldea itzela da eta kanta ere ederra. Ander Lauzirikaren zuzendaritzapean ari gara. Bideoklipak irensten ditut... Ze gauza onak egiten diren! Musika ere nire zaletasunik handienetakoa da -aspalditik zintzilik daukat musikan sakontzea-. Aritzen naiz, baina txapuza galantak egiten ditut! Aurten gitarrarekin hasteko asmoa daukat; ea ez den kurtso hasierako proposamen zuri horien zerrenda hutsean geratzen.

Aktoreek badakizue ziria sartzen. Orduan, noiz fidatu zuetaz?

Guk fikzioa egiten dugu. Okerrago da informazio edo ustezko objektibitate baten izenean, egia kontatzen ari zaizkigulakoan, ziria sartzen digutenean. Edo bide zuzenaren izenean bidegabeko erabakiak hartzen direnean, edo lekuz kanpoko arauak betetzearren zigortu dezaketenak... Horiek fidatzekoak ez direla uste dut; gure gezurra ikuskizuna bukatzerakoan lurruntzen da.

Euskaldunon historia zinemara eramango bazenu, komedia ala tragedia bat ekoiztuko zenuke?

Momentuz uste dut beste genero bat hartuko nuela: zientzia-fikzioa. Batzuetan sentsazio hori daukat, ez dagoela gauzak aurrera ateratzeko borondaterik eta errazena dela dena bere horretan jarraitzea, hori tragikomedia itzela da!

Zein izango litzateke 2014rako gidoi perfektua?

Gidoi perfektua izateko eduki perfektuak behar lituzke, eta horretarako gertaera asko jaso beharko ziren eta hori jasotzeko iraupena luzea da, baina iraupen luzea jasateko erritmoa itzela behar du izan, eta erritmo gehiegi ez da komeni istorioan sakontzeko, gehiegi sakonduz gero perfekzio bera... Barkatu, zein zen galdera?

Ahaztu zait. Galdera berri bat: aktore gehienek esaten dute nahiago dutela antzerkia zinema baino. Zure kasuan hala da?

Ba... beharbada ez. Zinea egiteko aukera gutxi egoten da eta nik izugarri disfrutatzen dut egiten dudan bakoitzean. Lan-talde handiak dira, bakoitzak eginkizun zehatza dauka, dena oso ondo antolatuta egon behar da. Pantaila aurrean agertzen direnak aktoreak badira ere, pieza txikia baino ez da interpreteena. Ederra da horrela sentitzea, izugarrizko lan-talde handi baten parte zara. Interpretazioan beste modu batean sakontzeko aukera ematen dizu, gainera. Zinea antzerkia baino gehiago egingo banu kontrakoa esango nuke ziurrenik.

Antzokiak eta plazak alde batera utziz, non gustatuko litzaizuke kabaret bat egitea?

Katedralen batean. Gasteizen, esaterako. Ze dekoratu natural perfektua kabareta egiteko! Agian posible da, begira ezazu Durango, Oñati edo Balmasedako antzokiak, eliza izandakoak, edo Bilborock bera. Baina katedrala bere horretan dagoen bezala mantendu beharko litzateke.

Euskal Herrian nola dago 'laugarren pareta' ospetsu hori?

Ikusezina, laugarren paretak izan behar duen bezala. Baina, tamalez, ez zentzu figuratiboan soilik... Ez dago arte eszeniko edo plastikoen beharraren inguruko inolako kontzientziarik edo heziketarik. Baina ez dadila inor larritu, arrosa kolorez margotuko ditugu pareta guztiak!

Gurean musikalak bogan dauden honetan, nork uste duzu egingo lukeela ondo 'El Rey León'-en papera?

Bertsolari batek, zalantza barik. Maialen Lujanbiok berak adibidez, gure txapeldunak. Edo abenduko finalean txapeldun ateratzen denak. Ez li-tzateke amu txarra izango.