Jakin nuenean Eneko Andueza ez zela hurrengo jaurlaritzan ezer izango, Aut Caesar aut nihil esaldi zaharra etorri zitzaidan burura bat-batean. Bai, latinak kutsatu zidan gogoa aspaldian, barkatu. Aut Caesar aut nihil, lehendakaria edo ezer ez, izan daiteke itzulpen-egokitzapen zuzena Andueza jaunaren kasurako. Kondairak dio soldaduek horixe oihukatu zutela Julio Zesarrek Erromako Senatuak agindutakoa ez betetzea erabaki eta Rubikon ibaia zeharkatu zuenean. Esaldiak handinahia irudikatzeko hartu zuen ospea, dena edo ezer ez. Cesare Borgiaren leloa izan zen, eta badirudi Nafarroako Vianan hil eta hilobiratutako printze italiarrak bere ezpatan irarrita zeramala. Ez da nire asmoa Andueza jauna iraintzea konparazio horiekin, ez dut bera mindu nahi gure Zesar berria edo gure Cesare Borgia dela iradokiz. Edo agian konparazioa gustatuko zaio, nork daki, azken finean Zesarrek latina ikasten duten guztiek irakurri edo itzuli behar duten liburu pare bat idatzi zituen, eta Cesare Borgia Makiavelok Printzea idazteko erabili zuen adibideetako bat izan zen.
Aitortu behar dut Eneko Anduezaren erabakiak amorrarazi ninduela, nire aspaldiko txantxak eta iragarpenak, hemen idatziak nire lotsarako, Pradales lehendakaria eta Andueza lehendakariordea izango genituela, zapuztu dizkidalako, baina zer egingo diot, ezaguna da analista politiko bezala ez dudala etorkizun handirik.
Ziur aski Anduezak bizefaliaren tentaldia izan du, hemen alderdi askok duten egitura antza arraskatsua imitatu nahi izango du beharbada: EAJri beti atera zaio ondo bizefaliarena, eta bekaizkeriaz begiratu diote askotan horregatik; EH Bildu, egoera zailak bultzaturik, bizefalia mota bat dauka; UPN ere bizefaliatzat hartu ahal dugun banaketa bitxi batekin atera zen azken kongresutik, alderdiko lehendakaria Iruñeko alkategaia izango da, eta Tuterako alkatea Nafarroako presidentegaia.
Ea Andueza jaunak ez duen iritziz aldatzen hurrengo asteetan, bestela, zutabe hau ere zuzendu behako nuke nire lotsarako berriro ere.