ndoni Egañak igandean Berrian idatzitako Babesa zutabearekin bat nator. Hortik nire gaurko zutabearen goiburua Babesa II izatea.

Egañak dio pandemia garaia gazteentzako zaila izan dela eta beraien azalean izan bagina, segur aski, guk ere beraiek bezala jokatuko genuela. Arrazoi hori emanez isildu ditugula aho kritikariak. Baina badela gauza bat kirrinka eragin diona eta zera dela: gazteen gaubileren ondorioz xextraren bat sortu denean, han izan direla gurasoak gazteak babestu nahian.

Bertsolariak jarraitzen du esanez, ulertzen duela gurasoen jarrera, erraietatik atera-tzen den zerbait dela. Baina bizitzan aro orok duela bere ezaugarria. Eta adin jakin batekoen ezaugarria dela, gurasorik onena baino lagunik txarrena hobetzat hartzea. Eta gure hurbildu nahiarekin, hori kentzen ari garela gazteei.

Guztiz ados Andoniren azpimarrarekin.

Honakoan, ostera, esan beharra dago, Mallorcara joan diren gazteek bazutela bakarrik eurena eta eurentzako zen konpromiso bat, gainontzeko lagunik txarrenekin egitekoa (bestelako bidaiak egitea edo beste data batzuetan bidaiatzea erabaki duten horiekin). Bidaiatik bueltan, graduazioa eta urte bukaerako ospakizuna egitea zuten aurreikusia. Eta kolokan jarri dute ospakizun handia. Aurreikusitako data mantentzen bada, konfinatuta dauden ikasleek ez dute aurrez-aurrekoan parte hartzerik izango (online egin lezakete agian); eta, bestela, beste data batean egin beharko da (data berriak ez du beste talde batzuen oporrekin talka egingo?) edota bertan behera gera liteke.

Gurasook, jada, ez gara gazteen ekimenen erantzule. Adin nagusikoak dira (18 urte betetzear diren batzuk salbu). Eta hala sentitu nahi dute: beren buruen jabe, edozein lege eta arau desafiatuz (besteok egin genuen bezala). Adinak hori eskatzen die eta hala behar du. Berdinen nahiak eta eskubideak, ordea, lagunik txarren horienak, alegia, ez dituzte kontuan hartu, ez errespetatu. Eta agi denez, hobesten dute gurasoek babesten jarrai ditzaten. Egañak esango zukeenez, hau ez doa bete-betean beren adinak eskatzen duenarekin...