andemia honen errudunaren bilaketa hasi da. Agian hasieratik hasi zen eta orain ari naiz jabetzen. Badirudi ezin garela bizi gertatzen den guztiaren erruduna nor den, edo zer den, jakin gabe. Kontu txarren errudunak, jakina. Aspaldian pagaburuak topatzea errazagoa zen: hor zeuden beti juduak, edo heretikoak, edo bekatariak, edo sorginak. (HIESA sortu zenean homosexualak, jakina). Lasaitu ederra ematen zuen nor zen erruduna jakiteak. Gaur egun gauza ez da hain erraza: hasteko, errua, kontzeptu gisa, aldatu egin da; ez da desagertu, errua baita kristautasunaren balio fundatzaileetako bat, eta gure pentsamoldea, mendebealdekoa gutxitenez, kristautasunak zabaldu zituen ideietan dago oinarriturik (mea culpa, mea culpa, mea maxima culpa). Ez da desagertu, baina itxuraldatu da, errutik erantzukizunera pasa gara: orain ez dago errurik, orain eran-tzukizunak daude; orain ez dago errudunik, orain erantzuleak daude. Aseptikoagoa.

Pandemia honen erredunaren/erantzulearen bilaketan Txina ari da irabazten, mendebaldean gutxienez. Trump estatubatuarra hasi zen birus txinatarraz mintzatzen, eta orain Frantzia edo Erresuma Batua, ez hain basatiki, hasi dira iradokitzen Txinak koronabirusari buruz eman zuen bertsioa ez dela guztiz zehatza. Erraza da pagaburu bezala Txina hartzea: estatu (gureak baino) autoritarioagoa, ohitura bitxikoak (saguzahar zopa jaten dute), arlo ekonomikoan lehiakorregia (merkeago egiten zituzten maskarak) eta, aurreko guztia arrunkerien bilduma iruditu bazaizue, laborategiak dituzte birusekin gauzak egiteko (eta, aspertzen bazarete, hor duzue atea zabalik mota guztietako konspirazioetarako).

Pandemia honen erredunaren/erantzulearen bilaketan bada beste teoria bat: gu guztiok gara errudunak/erantzuleak, guzti-guztiok, Bill Gatesekin hasi eta Gasteizen janaria banatzen lan egiten duen azken prekarioarekin buka. Guztiok gara gaizkileak, gu gara birusa, gu gara maltzurrak, hiltzea ere mereziko genuke hain gaiztoak izateagatik. Bertsio asko du teoria horrek eta jarraitzaile asko. Autogorroto ariketa izugarria iruditu zait beti, eta arras kristaua, berriro ere.