Herri kirola izango da protagonista datorren igandean Oñatin, Urrezko Aizkora txapelketako finalerdietako bat jokatuko baita. Hiru bikote ariko dira nor baino nor lehian: Hodei Ezpeleta-Jokin Urretabizkaia Basozabal; Ugaitz Mugertza-Ibai Soroa, eta Jon Rekondo-Oihan Larretxea. Bikote bakoitzak 36 enbor moztu beharko ditu bost modalitate desberdinetan. Erronka egiteko denbora gutxien erabiltzen duen bikotea 15 egun beranduago Azpeitian jokatuko den final handirako sailkatuko da. Hitzordua Herriko plazan izango da (12.00etan).

Txapelketa nagusiaz gain, gazte mailako aizkolariek euren indarrak neurtuko dituzte, banakako norgehiagokan. Harri-jasotzaileak ere izango dira Oñatiko saioan: Xabat Olaizola eta Julen Diaz, hain zuzen. 

Bestalde, emakumezkoen banakako neurketan Lucia Orbe ahalik eta altxaldi gehien egiten ahaleginduko da, 63 kiloko zilindro, kubiko eta bola banarekin.