Bihar Azpeitiko zezen plazan Aro modernoko V. Euskal Pentatloi Txapelketaren finala jokatuko da, eta gizonezkoen lehiaketa honetako bi irabazleak hantxe izango dira nor baino nor gehiago (22.00etan). Lehen hiru edizioak Xabier Zalduak irabazi zituen 2018an, 2019an eta 2020an; iaz, aldiz, Andoni Iruretagoiena –Izeta VI.a– nagusitu zen. Zumarragarrarekin eta aiarrarekin batera, lehian izango dira baita ere, iaz bigarren eta hirugarren sailkatutako Joseba Otaegi eta Julen Gabirondo, txapelketan estreinakoz parte hartu eta finalerako txartela lortu duen Aitzol Atutxa aizkolaria, eta azken faserako lehen aldiz sailkatu den Ioritz Gisasola.
Lehiaketaren finala atzo aurkeztu zen Leaburuko Mahala baserrian.
Zalduak lortu zuen finalaren aurreko kanporaketako denborarik onena (12:12), baina Izeta VI.ak zumarragarrak baino hamar segundo gehiago baino ez zituen erabili. Zalduak Julen Gabirondorekin zuen apustua prestatzeko aurreko edizioan parte hartzeari uko egin eta gero, txapela berreskuratzen ahaleginduko da, noski. Aiarrak, bestalde, binakako euskal pentatloi txapelketa irabazi du aurten berriz, Gorka Etxeberriarekin batera.
Iaz bigarren izan zen Otaegi zazpigarren geratu zen kanporaketan, baina finalean sartzeko tokia izan du Jokin Urretabizkaiak –Basozabalek– uko egin ondoren, eta igande honetan Federazioak antolatutako Aizkolarien Euskadiko Txapelketako kanporaketan parte hartzekoa da. Zizurkildarra bi txapeldunak ezustean harrapatzen saiatuko da, eta beste hainbeste Julen Gabirondo. Gipuzkoako eta Euskadiko sega txapelduna dugu urnietarra, eta gero eta gehiago nabarmentzen da aizkolari lanetan; duela aste batzuk hirugarren mailako euskal txapelketako kanporaketan gailendu zen, Izeta VI.aren aurretik. Gabirondo garaipenaren atarian geratu zen 2020an, eta hirugarren finala jarraian izango du aurtengoa. Aitzol Atutxa eta Ioritz Gisasolarentzat, aldiz, lehen finala izango da. Zalduak berak bezalaxe, bizkaitarrek ere bi kanporaketa gainditu behar izan dituzte Azpeitiko zezen plazako biharko finalera iristeko.
Parte-hartzaile bakoitzak 25 jasoaldi egin beharko dizkio 100 kiloko esferari, 400 kiloko harria bi plaza arrastaka eraman, hiru kanaerdiko moztu, 50 kiloko bi txingarekin sei plaza bete, eta korrika hiru kilometro egin.
Gizonezkoen txapelketarekin batera, bigarren urtez emakumezkoen txapelketa ere jokatuko da. Karmele Gisasolak txapela defendatzen saiatuko da, iaz bigarren izandako Lucia Orberen eta torneoan debuta egingo duen Nerea Arrutiren aurka.
Emakumezkoek egin beharreko lana honako hau izango da: 63 kiloko esferari 15 jasoaldi, 250 kiloko harriarekin plaza bat egitea, 45 hazbeteko bi enbor ebakitzea, 35 kiloko txingekin lau plaza egitea eta kilometro t’ erdi korrika. Lan mardulak batzuenak zein besteenak, herri kirolen erregea eta erregina izendatzeko.
Gizonezkoen finala
Xabier Zaldua (Zumarraga, 44 urte). 2018, 2019 eta 2020ko txapelduna. Iaz ez zuen parte hartu. Kanporaketako denborarik onena berak egin zuen (12:12).
Andoni Iruretagoiena, Izeta VI (Aia, 29 urte). Iaz txapeldun izan zen bere lehen finalean, marka berria ezarriz (33:29). Bigarren izan zen kanporaketan (12:22).
Julen Gabirondo (Urnieta, 33 urte). Segundo en 2020, y tercero en 2021 y en la última eliminatoria (13:21)
Aitzol Atutxa (Dima, Bizkaia, 34 urte). Bost aldiz Euskal Herriko txapeldun izandako aizkolari bizkaitarrak finalerako txartela lortu du bere lehen parte-har-tzean. Laugarren sailkatu zen kanporaketan (13:22).
Ioritz Gisasola, Zelai IV.a (Mallabia, Bizkaia, 25 urte). Estreinakoz heldu da finalera. Bosgarren izan zen kanporaketan (13:27).
Joseba Otaegi (Zizurkil, 39 urte). Bigarren izan zen 2019an eta 2021ean. Zazpigarrena kanporaketan (13:54). Basozabalek uko egin diolako izango da finalean.
Emakumezkoen finala
Karmele Gisasola (Mallabia, Bizkaia, 28 urte). Iazko txapelduna.
Lucía Orbe (Getxo, 33 urte). Bigarren sailkatua 2021ean.
Nerea Arruti (Urnieta, 32 urte). Finalean debutari.