Ilunpeetako sekretuak argiztatzen

"XX. mendean Barandiarango on Jose Migelek Euskal Herriko Paleolito garaiko labar artea zuten zenbait kobazulo ikertu zituen. Beraien artean Santimamiñe, Altxerri eta Etxeberri daude. Ikerketa honen bidez, Etxeberriko karbiaren 3D modelo bat egitea proposatzen dugu, eta jada eginda dauden Santimamiñe eta Altxerriko 3D-ak erabiliz, hauen labar-artearen parametro espazialak ikertzea: ikusgarritasuna, edukiera eta irisgarritasuna", adierazi du Intxaurbek Jose Miguel de Barandiaran Fundazioari eskainitako elkarrizketa batean.

"Teknika berritzaile hauen bidez, publiko orokorrarentzako zein beste ikertzaileei zuzenduriko dokumentazioa sortzea dugu helburu", gehitu du.

Intxaurbe Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologiako Departamentuan doktoretza aurreko ikerketa egiten ari da. Ikerketa honen bidez, kobazulo hauen sekretuak argitara atera nahi ditu.

Ikerketan bidelagun izango ditu Diego Garate, Martin Arriolabengoa, Olivia Rivero eta Mª Ángeles Medina doktoreak.

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak ikerketa gai berri-tzaileak sustatu nahi ditu Barandiaran Bekaren bidez. Horretaz gain, ikertzaile berriei bidea ireki nahi die.

"Nire ikertzaile bizitzan mugarri bat suposatzen du garrantzi honetako diru-laguntza bat irabazteak", ezagutarazi du Iñaki Intxaurbek.

Urtebetean garatu beharko du proiektua eta 10.000 euroko lagun-tza ekonomikoa izango du: "Benetako ohorea da niretzat".

Apaiza, antropologoa eta euskal etnologo ataundarra izan zen Jose Miguel de Barandiaran. 1991eko abenduaren 21ean hil zen, 102 urte betetzeko hamar egun falta zituenean.

Orain, bere faltan, bere izena daraman fundazioak berak hasitako lanarekin jarraitzen du, eta bere izena mundu osoan zabal dadin saiatzen da.

"Ikerketa honen bidez, Etxeberriko karbiaren 3D modelo bat egitea proposatzen dugu"

Barandiaran bekaren irabazlea