Kirol ikastaro guztiak eskaintzen ari dira Lazkaon

Aurrez aurreko saioez gain, 'online' ere ematen ari dira ikastaroak, partaideek etxetik egin ahal izateko kirola

11.02.2021 | 00:41
Kiroldegiko ikasgela bat. Argazkia: N.G.

lazkao – Aurreikusi moduan, aurtengo 2020-2021 ikasturterako ikastaroak hasi dituzte Lazkaon. Egoerak behartuta, hainbat saio bertan behera gelditu ziren, eta poliki-poliki eskaintza zabaltzen joan dira. Orain gutxi hasi ziren ikastaro gehienak, ziklo indoor izan ezik, baina aste honetan dagoeneko hasi dituzte bertako entrenamenduak.

Joxemiel Barandiaran kiroldegia normaltasun osoz funtzionatzen ari bada ere, pandemiara modu zuzenean egokitu dira. Hain zuzen, lehorreko ikastaroak aurrez aurre emateaz gain, online ere ematen dituzte. Entrenatzaileak zuzenean ematen du saioa, eta partaideek haien etxeetan jarraitu ditzakete entrenamenduak. "Baliabide honi esker etxeratze agindua dutenek edo kirol jarduera etxetik egitea nahiago dutenek ikastaroan jarraitu dezakete", agertu dute Udaletik.

Pandemia garaian hasitako modua da onlinekoa, eta lazkaotar asko dira metodo honi esker kiroldegiko eskaintzaz gozatzen dutenak.

Uretako ikastaroei dagokionez, astearte eta ostegunetan ematen dira igeriketa terapeutikoa, haurdunenei, haurtxo eta helduei zuzendutakoa. Horrez gain, haurrei zuzendutako beste bi ikastaro ere eskaintzen dira aste barruan: zunba gazte eta gimnasia erritmikoa. Bi kasuetan ordubetekoak dira saioak, astean bitan.

Helduei zuzenduta, berriz, ikastaro sorta dago aukeran Lazkaon. Hauek dira: zumba, bodygap, soinketa, adinekoen soinketa, gap, bodytraining eta pilates. Horietatik gehienak astean lau egunetan ematen dira eta partaideak horietako bi aukeratu ditzake; hau da, esaterako, astelehen eta asteazkenetan, edo astearte eta ostegunetan. Batzuk, gainera, online ematen dira, eta galdetu egin behar da kiroldegian zein-tzuk diren horiek.

Ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago oraindik ere, eta horretarako bi bide daude: batetik, kiroldegira gerturatzea, eta bestetik, 943 085 193 telefonora deitzea.