- Gaztelu mendira iristeko bideetako bat da Zaldibiako Olakosaiko zonaldea. Jende asko joan ohi den lekua da, mendira igotzeko bidea bertan egoteaz gain, lasai egoteko ere egokituta dagoelako. Alabaina, hilabete honen hasieran Udalak jakinarazi zuen itxitura hausi egin zela, eta hori konpontzeko lanak hasiko zituztela, izan ere, denborak eta aire zabalean egotearen baldintzak direla eta, itxitura egoera kaxkarrean egon da.

Neurriak hartu eta behin-behinean hesi metalikoz eta katez bermatu nahi izan zuten itxitura horren fun-tzioa, berri bat jartzeko modua egiten zen arte. Udalak agertu duenez "azken asteetako gora-beherek, ordea, konponketa lanak azkartzea eragin dute, katea hautsi eta motordun-ibilgailuz pasa baita edo baitira bakarren bat edo batzuk".

Orain, estreinatu dute itxitura berria: zuzenka jarri da, batetik, lanak egiteko zoru hobea zelako, eta, bestetik, metro gutxiago zirelako. Lehendik zeuden egurrak erretiratu egingo dituzte, eta beste gune batzuetan berrerabiliko dira. Itxitura konponduta dago, baina Udaletik mezu zehatza adierazi dute: "Herri-menditik gora ezin da motordun ibilgailurik sartu, soilik Udalak hartarako baimenduek dute horretarako aukera". Horregatik, herritarrei gogoratu die bide horiek ez direla motorrekin gainditzeko, ondoren zelai horien mantenu lana egin behar delako eta ondarea bera ere izorratzen dutelako. Kontuan izan, atseden gunearen aurrean badagoela aparkaleku bat eta bertan utzi daitezkeela ibilgailu eta motorrak, eta ondoren mendian barrena oinez ibili.

Amaitzeko, herriko bideetan dauden langekin "arduraz" jokatzeko eskatu dute, batez ere ganadua dagoenean. Beraz, langa itxita badago, igaro ostean hala mantendu behar da.