Eibarko ostalariak

Garai zailetan, bat eginda

Elkarte berria eratuta

Iker Iturricastillo Toribio Etxeberria kalean kokatuta dagoen Ongi Etorri tabernako arduraduna eta 2021eko martxoaren 14an Eibarren eratu zen San Andres ostalarien elkarteko presidentea (eta sortzaileetako bat) da.

Aurreko urteotan Eibarren ostalarien elkarte bat martxan jartzeko egin ziren eta bertan behera geratu ziren ahaleginen ondoren, Iturricastillo "oso pozik" dago "Udalaren eta bestelako erakundeen aurrean indarra izateko" eratu berri duten elkarteak izandako harrera eta babesarekin: "Herrian 140 establezimendu daude eta 104 batu dira gure elkartera", azaltzen du.

Ostalari honek 14 langile ditu bere enpresan eta bere ustetan pandemian bizi izandako txarrena "une batetik bestera egon diren aldaketak, ziurgabetasuna" izan da. Onartzen du egoera "txar eta zail" horretan "ezinezkoa" suertatu zaiola "lan-taldea ondo eukitzea" eta bere ustetan, derrigortutako itxierek eta pandemiari aurre egiteko agindutako bestelako neurriak arintzeko erakunde publikoetatik sektoreari emandako diru-laguntzak "gutxirako balio izan dute".

Eusko Jaurlaritzak 7.000 euro eman dizkio "bi zatitan" eta Udalak "beste laguntza txiki bat" eta hori "oso gutxi da gurea bezalako enpresa bat sostengatzeko". Horregatik kreditu bat eskatu behar izan du "negozioa martxan mantendu ahal izateko".

Edonola ere, Iker "baikorra" da etorkizunari begiratzerakoan: "Ordutegiak zabaldu diren momentutik ez gaude gaizki eta argia ikusten hasi gara", aitortzen du.

Zenbakiak egiterakoan "fakturazioak ez du gora egin baina normalizatu da eta hori, bizi izandako guztiaren ondoren, bada pozik eta itxaropentsu egoteko zerbait", dio azken urtea "igaro den amets gaizto bat" izatea espero duen ostalari eibartarrak.

Ikerrek badaki pandemia amaitzerakoan posible dela "lehen geunden taberna eta jatetxe guztiak ez egotea". Horrek "pena handia" ematen dio baina "jarraitzen dugunok irailetik aurrera ondo egoteko itxaropena daukat", amaitzen du.

Debako dendariak

Herriarekin "oso kontentu"

Plan Orokor bat behar

Debako Debalai dendari eta ostalarien elkartean 45 establezimendu daude eta Portu kalean kokatuta dagoen Mugan jantzidendako Ibon Erraiz da gaur egungo presidentea.

Elkartearen barruan negozio, sektore eta azpisektore ezberdinak daudela azpimarratu ondoren, Ibonek dio azken urte hau "ezberdina eta gogorra" izan dela guztientzat, "nahiz eta bakoitzak era ezberdin batera bizi". Edonola ere, Debalaiko presidenteak uste du okerrena pasa dela eta "oso kontentu" agertzen da "bezeroek eta herriak berak egoera zail honetan emandako erantzunarekin".

Bere hitzetan, "urte batean imaginatzen ez genituen gauza asko gertatu eta aldatu dira baina orain, udari begira, argi pixkat ikusten hasi gara eta gure nahia dena estabilizatzea eta herriari zerbitzu bat emateko lan egiteko aukera izatea da".

Erraizen ustetan erakunde publikoetatik Hirugarren sektorearen egoera zaila arintzeko emandako diru-laguntzak "ez dira nahikoak izan eta hori erakunde beraiek ere badakite".

Hortaz, pandemiaren eta sektorearen arteko "simil bat" egiten du: "diru-laguntzak UCIn zeuden negozio askorentzat plantara jeisteko balio izan dute baina gaixoa oraindik ez dago ondo eta ezin zaio alta eman". Horregatik "laguntzetan sakontzea, eta batez ere, herrietako kaleetan izan nahi duguna zehaztu eta bultzatzeko Plan Orokor bat" eskatzen du.

Debalaiko presidenteak argi du "oraindik egiteko asko" dagoela sektorearen etorkizuna bermatzeko eta bide horretan "asko" espero du "erakunde publiko guztietatik".

Deban ostalaritza eta merkataritza bultzatzeko garatutako kanpainei dagokionez, Erraizek uste du "ezinbestekoak" direla "bezeroak fidelizatzeko eta herrian erosteak duen garrantziaz konturatzeko". Hala ere, argi dauka ezin direla hor gelditu: "Beste ekintza batzuk eta Plan Orokor bat behar ditugu".

Etorkizuna "gogorra" izango dela uste du Ibonek baina "itxaropentsu" begiratzen dio: "dendak eta tabernak itxita egon direnean ikusi dugu nola zeuden kaleak eta azken batean hori da kanpainarik onena guretzat; lehen genuen normalidadea berreskuratu nahi badugu behintzat", amaitzen du.

Kultur eragileak

Ustekabe txarangaren adibidea

Diskoa atzeratu behar

Aretoen itxierak, edukiera mugatuak, emanaldiak eskaintzeko aukeren falta... bestelako sektoreekin gertatu den bezala, pandemiak gogor astindu ditu kultur eragileak. Eibarko Ustekabe txarangarena adibide garbia da.

Fanfarre horretako kidea den Danel Monterok azaldu duenez, Ustekaberentzat azken urtea "zaila" izan da. Aitortzen duenez, "XX. urteurreneko ospakizunak bertan behera utzi genituen eta gure finantzazioa ekitaldiak fakturatzetik dator. Iazko otsailerik zero euro fakturatu dugu". Gainera, Ustekabe txarangak diskoa grabatu behar zuen 2020ko udan: "Ezin izan genuenez entsaiatu azarora atzeratu genuen grabaketa baina urrian berriro debekatu ziguten entsaiatzea, maiatzerarte, eta Udalak onartu zigun dirulaguntza guztia itzuli behar izan genuen".

Horrela bada, fanfarre eibartarra urtebete t'erdi darama ezer fakturatu gabe eta sei hilabete egon da entsaiatu gabe: "Eutsi diogu konprometituta gaudelako, aurrezkiak geneuzkalako eta ez daukagulako estruktura profesionalik", azaltzen du Danelek. Bere ustetan "badirudi gauzak bideratzen ari direla baina panorama kezkagarria da, noski".

Entseguak berreskuratuta, diskoa grabatzea "aukera aparta izaten ari da" Ustekabe txarangarentzat: "Ohiko kale animazioa beharrean aurten diskaren aurkezpen-kontzertuak egingo ditugu auzoz auzo, egoerak une bakoitzean eskatzen dituen neurriak betez". Horrez gain, taldea kalejirak egitea baloratzen ari da, "auzoetan bizipoz apur bat pizteko, kalean jendea pilatzeko arriskua ez dagoen ordu eta lekuetan".

Fanfarreak ez du diru-laguntzarik izan pandemiak eragindako kalteak arintzeko eta diskoa grabatzeko jaso zuena (pandemiaren aurretik aurreikusita zegoen) itzuli behar izan du, "nahiz eta gastu asko eginak izan". Orain, berriz, taldea "hitzarmen berria sinatzekota" dago Udalarekin, "diskoa aurten grabatzeko dirulaguntza berriro jasotzeko".

Edonola ere, Ustekabeko lagunek "kezkaturik" ikusten dute etorkizuna. Danelen hitzetan, "pandemian zehar denok ikusi dugu kulturak gizarteari egiten dion ekarpena eta kultur sektoreak irautea nahi badugu gizarteak horri eusteko ahalegina egin beharra dauk..., eta hor ardura bat dute erakundeek".

55.870 BIZTANLE

Eskualdeko herri nagusia Eibar da, 27.474 biztanlerekin, eta ondoren datoz Elgoibar (11.540), Deba (5.453), Mutriku (5.314), Soraluze (3.974) eta Mendaro (2.115).