Astigarragako Udalak herritarren eskuetan jarri du aurrekontuaren zati garrantzitsu baten erabakia. Astigarragatarrek 110.000 euroren erabilpena erabaki behar dute bozketa baten bidez.

Herritarrek egindako 301 eskaeren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa aztertu ondoren, 21 ekimen iritsi dira azken fasera. Baztertu egin dira udal eskumenekoak ez diren gaiak, jarritako aurrekontua gainditzen dutenak edota bideragarritasun teknikorik ez dutenak. Halaber, kasu batzuetan hainbat proposamen bateratu egin dira, oso antzekoak zirelako.

21 aukera hauetatik, lau aukeratu behar ditu 16 urte baino gehiagoko astigartar bakoitzak. Eta herritarren artean aukera bozkatuenak gauzatuko dira 110.000 euroak agortu arte.

Botoa emateko bi aukera daude: telematikoki (www.astigarraga.eus/eu/parte-hartu helbidean sartu eta bertan zure aukera egin) edo presentzialki.

Azkeneko aukera hau gauzatzeko lau egunetan karpa bat jarriko da herriko toki desberdinetan. Honela, uztailaren 19an Joseba Barandiaran plazan ipiniko dute eta 20an Norberto Almandoz plazan izango da. Bi kasu hauetan ordutegia arratsaldez izango da 19.30etik 21.00etara. Hilaren 21ean Kontxa Etxeberria plazan kokatuko dute eta, azkenik, 22an, Ergobia Plazatxoan izango da. Azkeneko bi toki hauetako ordutegia 12.00etatik 13.30era izango da.

Bozketa fasera iritsi diren proiektuen artean kiroldegia handitu eta hobetzeko proiektua idaztea (igerilekua estaltzea, espazio berriak, aldagela gehiago...)aurkitzen da. Obrak ez lirateke egingo partida honekin. Santiagomendiko aterpea eta inguruak berritzea ere proposatu dute. Hainbat hobekuntza egingo lirateke: aterpetxeko sukaldea eta tresneria aldatu, komun publikoa berritu eta inguruan hobekuntzak egin (mahaiak, tresneriak...).

Bestalde, ibai-parkea handitzea ere aurreikusi dute. Helburua gaur egungo ibai-parkea Portutxoko biribilgunearekin lotzea litzateke, Bidebitarte atzetik, oinezko ibilbideari jarraipena emateko.

Beste proiektu bat Kale Nagusian eta Foru Enparantzan autoen presentzia murriztea eta espazioak oinezkoentzat eta bizikletentzat irabaztea litzateke. Gainera, Goiko Iturriko (Apeztegi plaza) eremua egokitzea proposatu da.

Beste skate park bat, parkour parke bat, Bidebitarte asfaltatzea, Anuska auzoaren hiritartze partziala, autokarabana gunea Portutxon, bizikleta aparkaleku estali eta itxiak, udal eraikinetan eguzki-plakak instalatzea, herri baratza parke publiko berri bat, eskulanetarako tailerra Ergobian, laguntzak plaka fotovoltaikoak jartzeko, haur parkeen hobekuntza, mural parkea herrian zehar egokitzea, ur-parke bat egitea, Arrobitxulon gune estali bat egoki-tzea, Murgia parkean hobekuntzak eta Ubarburu poligonoaren hiritar-tzea zerrenda osatzen dute.