Buruntzaldeko zaintzaileen egoeraren eta dauden baliabideen gaineko diagnostikoa burutu dueterri-Buruntzak, eskualdeko Udalekin lankidetzan. Ikerketari buruzko azalpenak emateko eta zaintzaren egoerari buruz hitz egiteko gaur arratsaldean eta bihar goizean jardunaldiak antolatu dira Hernanin.

Diagnostikoa onduta eta eraldaketarako proposamen batzuk bilduta, eskualdeko jardunaldiak hiru helburu ditu: diagnostikoa ezagutaraztea eta gaiarekiko interesa piztea, eskualdean eraldaketa prozesua abiarazteko interesa eta prestutasuna dutenak saretzea eta antolatzeko mugarri izatea eta eraldaketarako proposamenak herritarrekin kontrastatzea.

Saioetan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da emagin.eus webgunearen bitartez edo 943 590 902 telefonoan.

Ikerketaren egileek azaldu dutenez, "lan honek erantzuten dio, neurri batean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak eta zaintzaren sektoreko langileek, azken hamarkadan, mahaigaineratu duten gatazkari". "Emakumeon eskubideen defentsak zaintzaren krisia eta mendeetako injustizia azalerazi egin ditu. Herritarren zaintzarako beharren eta zaintzeko baliabideen artean desoreka handia dago, eta horren kaltea emakumeek ordaintzen dute. Egungo zaintzen antolaketak, beraz, ez ditu herritar guztien eskubideak errespetatzen eta horri aterabidea eman nahi dio plan honek", azpimarratu dute.

Izan ere, ikerketa honi esker zain-tza erregimena aldatzen hasteko ekintzarako tresna bat sortu da. Bestalde, zaintza lanak sozializatzeko eta kolektibizatzeko bide berriak sortzeko gakoak eskaintzen ditu, lan hauetan daudenen aitortza, autoafirmazioa eta ahalduntzea lagunduz.

Ikerketa osoa astigarraga.eus webgunean kontsulta daiteke, besteak beste.