- Ekoizle hondarribiarren produktuak eskaintzen dituen azokaren irudi berria aurkeztu zen larunbatean San Pedro kalean ospatu zen ekitaldian.

Bertan Juan Luis SIlanes Ingurumen zinegotziak azaldu zuenez, Udalarentzat "lehen sektorearen aldeko apustua, Hondarribiko sustapen ekonomikoan duen garrantzia azpimarratuz, funtsezkoa da". Azken urteetan baserritarren lana epe labur eta luzerako "ezinbesteko ardatza" izan dela administrazioarentzat gehitu zuen zinegotziak.

Irudi berria, Silanesentzat, "bertako produktua kontsumitzearen garrantzia islatu nahi du, zero kilometrokoa, bere ontasunena eta kalitate gorenarena". Horretarako, irudi berriarekin poltsak, kartelak eta marketin-materiala prestatu dira Hondarribiko azokara gerturatzen direnentzat.

Ildo horretan, Hondarribia Abian enplegu eta garapen ekonomikorako planean produktuak eta tokiko ekoizleak "bete-betean" sartzen direla nabarmendu zuen Silanesek. Planaren helburu nagusia hiriaren suspertze ekonomiko eta soziala bultzatzen duten proiektuak erraztea eta bultzatzea da.

Azken denboraldian Udalak zentzu horretan abiarazitako proiektuak gogorarazi zituen ere zinegotziak, esaterako, asteazkenetako eta larunbatetako azoka, Botikako Agroaldea, tokiko produktua egin eta saltzeko 15.000metro karratuko hiru udal lurzatirekin, edo tokiko produktuen saskiak prestatzea herritarrei helarazteko, hondarribia.eus webgunean eskaera egin ondoren.

Azken ekimen hau orain dela gutxi jarri da martxan eta dagoeneko 21 erabiltzaile eta "hazten jarraitzeko perspektiba argia" dituela gehitu zuen Silanesek.