hondarribia - Hondarribiko Butroi pasealekua ekimen berezi baten eszenatokia izango da gaur arratsaldean, 17.00etan: Tizatu proiektuarena. Aktibitatearen aurkezpena atzo egin zuten herriko Gazteria zinegotzi den Maria Serranok eta Udal Prebentzio Komunitario Zerbitzuko koordinatzaileak, Nerea Zuazua.

Serranok azaldu zuenez, Tizatu proiektua 2019an sortu zen, "herriko gazte talde batek aniztasunaren inguruan zuen interesarengatik". Azken hilabeteetan gazte talde hori eta Prebentzio Komunitarioko Zebitzua elkarlanean ibili dira aniztasuna eta eskubideen berdintasunaren inguruan hausnarketa bat eraikitzen. Lan horretan urtarrilean hasi ziren gazteak, "bai Prebentzio Komunitarioan, baita Gazteen Zerbitzuan eta Ikas Jolasen", Zuazuaren hitzetan.

Ondoren, hausnarketa espazioa gizarteratzeko eta beste gazteekin partekatzeko bide bezala, Tizatu Jaialdia sortzea erabaki zuten. "Emakumeen Nazioarteko Eguna abiapuntutzat harturik, gazteek jaialdi bat antolatu zuten iaz, aurten berriz egin nahi da eta gehiago ikustaraztea bilatzen da", zioen Serranok.

Jaialdiaren xedea artearen bidez aniztasunaren eta berdintasunaren aldarrikapena egitea da. Horretarako klerak erabiliko dira espazio publikoan berdintasunaren aldeko mezuak idazteko eta marrazki positiboak egiteko. Ekimena aurrera eramateko kleren erabilerak bi arrazoi ditu: momentuan arte lana sortzeko aukera ematen duelako, eta, aldi berean, espazio publikoak erraztasunez garbitzeko aukera ematen duelako.

Bestalde, kaleak marrazteko klerak erabiltzea alde txarra dauka; hain zuzen ere, euria egiten badu ekimena ezin izango da ospatu eta atzeratu egingo dute.

Amaitzeko, jaialdian ateratako argazkiak Interneten zabaltzeko, ekimenean parte hartuko duten pertsonei #berdintasunatizatu traloa erabiltzea eskatu zuten Prebentzio Komunitarioko Zerbitzutik. "Gaur egun kaleaz gain sare sozialak erlazio espazio bihurtu dira. Traloei esker eta jaialdian ateratako argazkiei esker espazio hauetan ere hausnarketa eraiki-tzeko espazioa lortzen da", adierazi zuen Zuazuak.