Hernaniko Biteri kultur etxeko ikasturte honetako ikastaroetan izena emateko epea hasi da aste honetan. Hilaren 19a arte izango dute herritarrek eskainiko diren 20 ikastaroetako batean (bost, haur eta gaztetxoentzat; 15 helduentzat).

Matrikula Biteri kultur etxean bertan (ordutegia: 09:00-13:00/16:00-20:00) edo online egin daiteke.

Ikasturtea urriaren 1ean hasiko da. Plaza kopurua baino izen-emate gehiago dauden kasuetan, zozketa irailaren 22an egingo da.

Helduek, 15 ikastaro aukeran

Helduentzako 15 ikastaroko eskaintza dago. Horietako 12 ikasturte osoko ikastaroak izango dira eta beste hirurak, ikastaro laburrak.

Ikasturte osoko ikastaroak hauek izango dira: egur taila; pintura; zeramika; patchwork; altzariak berritzea; arropa konponketa, joskintza eta patroigintza; antzerkia; dantza garaikidea; dantza latinoak; tai chi kung; mindfulness eta yoga.

Ikastaro laburrak, berriz, argazkigintza digitala, dekorazioa naturako elementuekin eta sukaldaritza.

Haur eta gaztetxoentzat, bost eskaintza

Haur eta gaztetxoentzat, bost ikastaro eskainiko dira (euskaraz): sormenarekin jolasean (3-5 urte); pintura eta marrazketa (6-9 urte); antzerkia (9-12 urte); naturako elementuekin jolasean (10-12 urte) eta marrazketa (13-17 urte).

Ikastaroen ordutegia, prezioa eta gainerako xehetasunak Biteriko ikastaroen liburuxkan daude jasota.