Legazpiarrek Agorreko Santikutzak ospatuko dituzte asteburu honetan. Jaiak ostiralean hasiko dira, 16.30ean, haurren bizikleta festarekin. Parte hartzaileak Euskal Herria plazan elkartuko dira. Ekitaldia Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak sustatu du.

18.00etatik 20.00etara sardina jana egingo dute, Lekanazpi elkartearen eskutik. Ekitaldia plazan izango da, pilotalekuaren ondoan. Pintxoa eta edaria 2 euroan salduko dute.

18.30ean Legazpiko erraldoi eta buruhandi konpartsak kalejira egingo du. 20.00etan bertso saioa egingo dute Nafarroa kalean, Bertso Olariak bertso eskolak sustaturik. Amaia Iturriotz eta Ane Zuazubiskar bertsolariek abestuko dute.

21.30ean kantu afaria egingo dute Gernika plazan, Doinua musia eskolaren eskutik. Ogitartekoak, sagardoa, ardoa eta ura izango dira salgai. Txartelak Laubide eta Gurrutxaga tabernetan salgai jarri dituzte. Eguraldiak lagunduko ez balu, kanta afaria Azokan egingo lukete.

Ostiraleko ekitaldiekin bukatzeko, 23.30ean Trapalata txarangak erdiguneko kaleetan joko du eta txosnagunean kontzertua izango da.

Larunbatean, 11.00etan, sukaldari lehiaketa hasiko da Azokan. 11.30etik aurrera, Viladecans-eko castellers taldeak emanaldiak egingo ditu Korosti dantza taldeak sustaturik. 12.00etatik 12.30era adinekoen egoitzan, 12.30etik 13.00etara Kale Nagusian eta 13.00etatik 13.30era plazan. 14.00etan sukaldari lehiaketako sariak banatuko dituzte. 

16.00etan 3x3 saskibaloi txapelketa herrikoia egingo dute Azokan, Andraitz taldeak sustaturik. 17.30ean atletismoko milia hiritarraren 24. edizioa egingo dute Aizkorri kalean, Goierri Garaia atletismo taldeak sustaturik. 18.00etan erraldoi alardea egingo dute. Plazatik abiatuko dira eta ondoren Nafarroa kalea eta Kale Nagusia zeharkatuko dituzte. Ordu berean, Viladecans-eko castellers taldeak eta Euskal Herrikoak emanaldiak egingo dituzte: 18.00etatik 18.30era Laubiden, 19.00etatik 19.30era Kale Nagusian, 19.30etik 20.00etara Nafarroa kalean eta 20.00etatik 20.30era udaletxearen atzealdean. Larunbateko ekitaldiekin bukatzeko, 22.30etik aurrera Odikekin eta Emaionekin dantza egingo dute Euskal Herria plazan eta 23.00etan kontzertuak izango dira txosnagunean.

Jaiak igandean amaituko dira. 9.00etan Batis Goikoetxearen oroimenezko argazki rallya hasiko da. Parte hartzaileek kultur etxean eman beharko dute izena, 9.00etatik 10.00etara. 10.00etan Gipuzkoa mailako bola txapelketa hasiko da Danantzako bolatokian. Parte har-tzaileek 10.00etatik 11.00etara eman beharko dute izena. 

11.00etatik 14.00etara 3D puzzle kaxen eta buruhausgarrien eta 3D inpresoren erakustaldia egongo da plazan (eguraldi txarrarekin, Azokan). 13.00etan Bermutaren kermessea musika eta antzerki ikuskizuna egingo dute Kale Nagusian. Ikuskizun horrek pieza klasikoak ditu ardatz.

Horretaz gain, Korostiaga mendian erromeria egingo dute: 10.00etan hamaiketakoa, 11.30ean meza eta 11.15ean Goiz Deia txistulari taldekoekin erromeria. 

Bukatzeko, 17.30ean Txulalai taldeak Mugi zaitez! ikuskizuna egingo du plazan eta 19.00etan musika bandak kalejira egingo du.