Hirigintza-hitzarmen bat sinatu dute Hondarribiko Udalak eta Residencial Montañenea sustatzaileak, Montañenea eremuan 75 eta 84 etxebizitza artean eraikitzea ahalbidetuko duena.
Horien herena babes sozialeko alokairurako izango da, Udalari amaituta emango zaizkionak eta, adierazi dutenez, "hondarribiarrentzat gordeko direnak”. Beste herena 2020an etxebizitza erreserbatu zuten pertsonentzat izango da, eta "orduko salmenta-prezioei eutsiko zaie". Gainerako herena etxebizitza libre arrunta izango da.
Hitzarmenaren arabera, ezin izango da etxebizitza libre eta babestuak banaka edo sekuentzialki eraiki: bi tipologiak aldi berean eraiki behar dira, eta ezingo dira erabilera-baimenak eman etxebizitza guztientzat batera ez badaude prest. Neurri horrekin Udalak etxebizitza babestuen eraikuntza ez atzeratzea ziurtatu nahi du, eta sustatzaileak, hau da, Residencial Montañenea, adierazi du prestutasun osoz onartu duela baldintza hori.
Etxebizitza Sail berria
Bestalde, babes sozialeko alokairurako etxebizitzak Udalaren ondarean sartuko dira. Guztira, 25 eta 32 etxebizitza artean izango dira, batazbesteko tamainaren arabera, eta guztien balioa 5,1 milioi eurokoa izango da. Etxebizitza horien kudeaketa zuzena Udalak egingo du sortuko den Etxebizitza Sail berriaren bitartez. Enparanek nabarmendu du etxebizitza horiek gazteentzako, familia-kargak dituzten emakumeentzako eta egoera zaurgarrian dauden adinekoentzako izango direla lehentasunez.
Gainera, eraikuntza prozesua "zorrotz gainbegiratuko" dela aurreratu du Hondarribiko alkateak, Igor Enparan. Horretarako, Udaleko eta sustatzailearen ordezkariek osatutako jarraipen-batzorde bat eratuko da. Batzorde hori aldizka bilduko da, hitzarmena betetzen dela bermatzeko eta garapenaren xehetasunak zehazteko.
Gorka Aranegui, Residencial Montañenearen ordezkari gisa hitzarmena sinatu duenak, esan du akordioa “bi aldeak asebetetzen dituen adostasun” baten emaitza dela. “Familiek urte hauetan erakutsitako konpromisoa eskertu nahi dugu, baita Udalak izan duen prestutasuna ere. Honek sustatzaileoi etxebizitza-arazoari erantzun berriak ematen jarraitzera bultzatzen gaitu”, adierazi du.