Hondarribiko Udal Gobernuak datorren ekainaren 19ko udalbatzara eramango du Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) behin-behineko onarpena.
Igor Enparan alkateak atzo azaldu zuenez, “HAPO honek Hondarribiaren 2040. urteko argazkia egingo du” eta etxebizitzaren krisiari aurre egitea da planaren ardatz nagusietako bat: “Jakina da, Hondarribian etxebitzitza larrialdi izugarria daukagula. Azken hamarkadan, 30 eta 45 urte arteko hondarribiarren heren bat udalerritik kanpora joan behar izan du bizitzera. Egoerari horri, buelta bat eman nahi diogu”.
Diagnostiko horretatik abiatuta, Hiri Antolamenduaren Plan Orokor berriak 1.500 etxebizitza berri eraikitzea ahalbidetuko du, eta horietatik 900 inguru jabetza publikokoak izango dira. “Gure helburua da hondarribiarrek bertan bizitzeko autua egiten badute, bertan bizitzeko aukera izatea”, gehitu zuen alkateak.
HAPO berria aurreko legegintzaldiko azken osoko bilkuran hasieraz onartutako dokumentuan oinarritzen da. “Dokumentu horren helburu eta irizpideekin bat egiten genuenez, zerotik hasi beharrean dokumentua berrikusi eta egokitu egin dugu”, gaineratu zuen Enparanek.
1.500 etxebizitza
Zentzu berean, Estitxu Urtizberea zinegotziak adierazi zuen aurreko dokumentua “sendoa” zela, eta orain eguneratu eta birbideratu dela. Ondoren, Planak jasotzen dituen urbanizagarri izango diren eremuen ezaugarriak eta dimentsioak azaldu zituen, baita 2023ko maiatzean hasieraz onartutako HAPOn nola aurreikusita zeuden ere.
Lehenik, Montañenea eremuan hasierako onarpenean 45 etxebizitza aurreikusten ziren, guztiak libreak; egungo proposamenean, berriz, 84 etxebizitza planteatzen dira. Horietatik %30 babes ofizialekoak izango dira, %33 prezio tasatukoak eta gainerako %33ak libreak.
Bestalde, Kubo Madalena eremuan ez da aldaketarik izan hasierako onarpenetik: 85 etxebizitza eraikiko dira, horietatik %65 erregimen librean eta gainerakoak babes ofizialekoak.
Etxenikenea izango da, Urtizberearen hitzetan, “etxebizitza larrialdi horri benetako aterabidea emango dion jarduketa”. Hilerriaren ezkerraldean kokatutako lurzatian 345 etxebizitza aurreikusten dira: %55 babes ofizialekoak, %20 prezio tasatukoak eta %25 libreak.
“Hiru jarduketa hauek xehatuta daude aurkeztu dugun dokumentuan, eta plana onartu ondoren hilabete gutxira eraikitzen hasteko moduan egongo dira”, adierazi zuen zinegotziak.
Gainontzeko jarduketei dagokienez, Karmeldarretako (Mendelu auzoa) eremuan 242 etxebizitza aurreikusten dira, aurreko dokumentuan jasotako 187 etxebizitzen ordez. Hasierako planteamenduan etxebizitza guztiak babestutakoak izatea aurreikusten zen, baina oraingoan %25 libreak izango dira.
Halaber, Tudelenea-Botikan aurreko dokumentuak jasotzen zituen 309 babes ofizialeko etxebizitzen ordez, egungo proposamenean 422 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da, horietatik %25 libreak izango direlarik.
Etxebizitza hauetaz gain, udalerriko hainbat eremutan beste 300 bat eraikitzea proposatzen da.
Jarduketa ekonomikoak
Jarduketa ekonomikoei buruz, Garoa Lekuona zinegotziak azaldu zuen Zubietako campus teknologikoari dagokionez aurreko legealdi amaieran onartutako HAPOk jarduera ekonomiko teknologikoki kalifikatuak ezartzea aurreikusten zuela. Orain, jarduera horiek lehen sektorearekin lotuta egon behar dutela gaineratu da, berrikuntzarekin zerikusia duten ekintzak barne hartuz.
“Zubieta Hondarribiak duen balio handienetako berdegune bat da. Gure herrian lana sortzearen alde gaude, baina ez edozerren truke”, esan zuen. Hori dela eta, “erakunde ezberdinekin hitz egin eta gero, campus teknologikoa lehenengo sektorean espezializatutako gune zentru teknologiko bat izango da, baina enplegu berdean onarritutakoa”.
Bestalde, Zaldunbordan ez dela makrooutlerik izango jakinarazi zuen. “2017an bertan behera utzitako HAPOk 38.000 metro karratuko makrooutlet bat aurreikusten zuen. Egungo gobernu taldearen HAPOk, aldiz, 40.000 metro karratu aurreikusten ditu jarduera ekonomikoetarako, baina horietatik 15.000 soilik erabiliko dira jarduera komertzialetarako, eta bertan merkataritza bereziak kokatuko dira, hala nola dekorazio-dendak, auto-saltokiak eta antzekoak. Gainerako 23.000 metro karratuak erabilera industrialerako izango dira”.
Gainera, herriko merkatari eta saltokariekin adostuta, garapenaren planifikazioa ez duela sustatzaile posible batek egingo esan zuen, baizik eta udalak berak.
‘Auzo bihotz’ kontzeptua
Enparan alkateak azaldu zuen dokumentu honetan ‘Auzo bihotz’ kontzeptua txertatu dutela, "Hondarribia bizi bat lortzea helburu, mugikortasunaren eta bizikidetzaren ikuspegitik". Azkenik, adierazi zuen planak erabilera turistikorako apartamentuen erregulazioa ere jasoko duela, eta horrek "mugatze nabarmen bat" ekarriko duela arlo horretan.
Bukatzeko, alkateak adierazi zuen Plan hau behin-behineko dokumentu bat izango dela, eta helburua dela “behin-behineko onarpena jaso ondoren izapide batzuk egin eta, urtebete inguruko epean, behin betiko onarpenera eramatea”. Halaber, azaldu zuen bitarte horretan lanean jarraituko dutela, hirigintza-planean aurreikusitako hainbat etxebizitza-jarduketaren tramiteak aurrera eramateko, eta behin betiko onarpena lortu bezain pronto etxebizitza horien eraikuntza lehenbailehen abiarazteko moduan egoteko.