Igande honetan, ekainaren 1ean, Urki dantza taldeak antolatua, 35. Andoaingo Euskal Jaialdia ospatuko da herrian. Egun osoko ekitaldi honi goizeko 10.30ean emango diote hasiera Andoaingo Goikoplazan. 

Festara Euskal Herriko txoko desberdinetako neska-mutil gaztetxoak etorriko dira: Azkain, Oiartzun eta Otxandioko dantza taldeak; Hernaniko txalapartariak; Lizarra eta Debako gaiteroak; Gasteizko txistulari eta akordeoilariak, eta Azkaingo bertsolariak. Beraiekin batera Andoaingo Olagain txistulariak, musika Eskolako akordeoilariak eta Urkiko dantzariak arituko dira, folklorearen arlo desberdinak kaleratuz.

Egitaraua

Arestian aipatu bezala, 10.30ean taldeak Goikoplazan elkartuko dira eta txalaparta eta aurkezlearen agurraren ondoren, desfile ibilbidea hasiko da. Plaza Morean, Juanita Alkainen, Espigoian, Zumean eta beste plaza batzuetan emanaldiak eskainiko dituzte.

Tartean, herriko elkarte batzuk hamaiketako eskainiko diete. Aurten Ontza, Belkoain Berri, Irunberri, Peña Sta. Krutz eta Kotoi elkarteek lagunduko dute.

Andoaingo Euskal Jaialdiaren kartela N.G.

13.10ean izango da ekitaldi nagusia, Goikoplazan partaide guztiek elkarrekin ekitaldi polita eskainiko baitute. Hau amaitzerakoan, Urki dantza taldeko familiek kanpoko neska-mutilak gonbidatuko dituzte bazkaltzera. Larramendi Ikastola eta La Salle Berrozpeko jangeletan egokituko dira, eta Andoaindarra elkarteak lankidetza berezia eskainiko du ere.

Arratsaldean, 16.30etik aurrera Goikoplazan ere, eta euskal festa giroan jarraitzeko, erromeria dantzaldia egongo da Jeiki Hadi taldearekin.

Urki dantza taldeko kideak herritarrak euskal festara hurbiltzera gonbidatu dituzte: "Goizean kaleetara, eguerdian Goiko Plazako ekitaldira eta arratsaldean denok erromerira!".

Era berean, Andoaingo Udalari festa hau posible egiten duten azpiegituren lagapenarengatik eta dirulaguntzarengatik eskerrak eman dizkiote.

Helburuak

Euskal Jaialdia ez da festa huts bat, bere helburuak ere baditu. Nagusiena euskal folklorearen festa-giroa 15 urte arteko neska-mutilengan eustea da, arlo desberdinak elkarrekin kaleratuz: dantzariak, txistulariak, txalapartariak, akordeoilariak, gaiteroak, bertsolariak, trikitrilariak, kantariak...

Era berean, Euskal Herriko herri desberdinetako taldeak gonbidatu eta elkarren arteko harremanak areagotzea ere garrantzitsua da.

Azkenik, neska-mutilak protagonista nagusiak izanik, herritar ugari ere partaide zuzenak bihurtu (familiak, elkarteak, ikastetxeak,...), eta festa kalez kale zabalduz eta herria euskal folklorean murgilduz.