Oñati Institutuko 1. Batxilergoko Zientzia arloko ikasleek lehen saria irabazi dute joan zen ostiralean Leioako EHUko Zientzia eta Teknologiako Fakultatean ospatutako Euskal Herriko bederatzigarren Kristalizazio Lehiaketan. Hitzorduan Euskal Herriko hainbat ikastetxek parte hartu zuten.

Aurtengo lanaren ardatza Aizkorri-Aratzeko ingurune karstikoaren ezaugarrien eta kristalizazio esperimentuen emaitzen arteko lotura izan da. Proiektua maketa batean irudikatu zuten ikasleek, zientzia, natura eta sormena uztartuz. "Talde-lan handia izan da proiektuaren oinarrian, eta ikasleen ahalegina, konpromisoa eta sormena nabarmendu nahi ditugu", adierazi dute Oñati Institututik.