Síguenos en redes sociales:

Pantailak modu arduratsu eta osasungarrian erabiltzeko lan egingo dute Arrasaten

Datozen asteetarako antolatutako jardunaldiek oso harrera ona izan dute

Pantailak modu arduratsu eta osasungarrian erabiltzeko lan egingo dute ArrasatenA.Dominguez.

'Komunitatea eredu: pantailen erabilera osasuntsu eta arduratsu baterantz' izenburuko jardunaldiak izango dira datozen asteetan Arrasateko Kulturateko areto nagusian. Altxa Buruak eta Udalak elkarlanean bultzatutako ekimenak “gaur egun pantailek duten eragina aztertu eta erabilera horrek eragindako albo-kalteei nola erantzun jakitea” du helburutzat.

Altxa Burua taldeko kide den Ane Lur Garinek adierazi duenez, iazko ikasturtean ikusi zuten gurasoen kezka bat zela teknologiak seme-alaben osasun mentalari eta emozionalari eragiten ziola. "Gure helburua programa bat antolatzea izan zen, batik bat, gurasoentzako prebentzio moduan, uste dugulako etxetik hasi behar garela. Baina, baita irakasle nahiz hezitzaileentzako, gure seme-alabekin kontaktuan egoten direlako eta eragin zuzena izango dutelako", aipatu du Garinek. Hainbat aukera arakatu ostean, 'Zeos' programa aukeratu zuten

Altxa Burua Udalarekin jarri zen harremanetan. Ongizate, Hezkuntza eta Bizikidetza zinegotzi den Jasone Giraldok azpimarratu duenez, une hartan Udalak abian zuen herriko haur eta nerabeen osasun mentalari buruzko diagnosia. "Gaiari heldu behar zaiola bagenekien, modu komunitario baten egin behar zaio aurre gaiari. Helduok eskuartean daukagunaz ere kontzientzia hartu behar dugu, eta haur eta nerabe horientzako eredugarri izan behar dugu helduok. Horretara bideratuta dago programa", dio Giraldok.

'Zeos' programa

Maitane Ormazabal terapeuta eta Telmo Lazkano irakaslea izango dira jardunaldiak emango dituzten bi adituak. Lazkanok zehaztu du azken bi hamarkadetan bi errealitaterekin egin dutela topo. “Batetik, mugikorrarekin dugun harremanarekin, menpekotasun hitzarekin definitu daitekeena, eta bestetik, adingabeen artean buru gaixotasunek izan duten hazkunde nabaria”. "Zeos programa guzti horri argia jartzera dator, baina zer? galderari erantzutera ere bai. Ez du nahi diagnostiko horretan geratu soilik. Abiapuntuak eta tresnak eskaini nahi ditugu norbanakoek eta familiek herri bezala erantzun dezaten", nabarmendu du Lazkanok.

Lau saio izango dira

Datozen asteetan egingo dituzte saioak. Hilaren 18an 'Adingabeen buru gaixotasunak: prebentzio eta kontentzioa' landuko dute; 20an, 'Nerabezaroa ulertzen: beldurrak, balioak, autoestimu eta identitate garrantzia'; otsailaren 25ean, 'Mugikorraren auzia: zer dugu benetan esku artean?', eta 27an, 'Balantza orekatzen: nola eraiki harreman osasuntsu bat mugikorrarekin?'. Hitzordu guztiak 18.00etan hasiko dira.

Izen-ematea igandera arte

Izen-ematea otsailaren 9ra arte egongo da zabalik.140 lagunek baino gehiagok eman dute izena dagoeneko. "Sekulako arrakasta ari da izaten. Printzipioz, Kulturateko areto nagusia hartu dugu, baina zalantzan gaude ea beste bideren bat hartuko ote dugun. Agian, 'Streaming' aukera jarri beharko dugun ez garelako denok sartzen. Ez dugu nahi inor kanpoan utzi", esan du Garinek.

Gurasoez gain, ekimena herriko irakasleei, hezitzaileei, kirol monitoreei edo entrenatzaileenei ere zuzenduta dago.