UGLEk 2025eko Enplegurako Prestakuntza Plana aurkeztu du
Doako ikastaroak eskainiko dizkie bai langabetuei eta bai lanean ari diren pertsonei Urola Garaiko Lanbide Eskolak (UGLE). Lanbidek finantzatutako programa horren helburua parte hartzaileen gaitasun profesionalak hobetzea eta lan aukerak handitzea da.
Langabetuentzako prestakuntza espezializatuari dagokionez, UGLEk balio handiko bi prestakuntza programa eskaintzen ditu: tresneria industrialaren mantentze eta muntatze mekanikoa eta iturgintza, berokuntza eta girotzea. Bi ikastaro horiek ezagutza teknikoak eskaintzeko diseinatuta daude eta amaitzean parte hartzaileek praktikak egingo dituzte inguruko enpresetan.
Tresneria industrialaren mantentze eta muntatze mekanikoari dagokionez, ikastaroak 510 orduko iraupena du. Ikastaroa amaitu ondoren, parte hartzaileek praktikak egingo dituzte. Ikastaroa 2025eko otsailaren 10ean hasiko da.
Iturgintza, berokuntza eta girotze ikastaroari dagokionez, 320 orduko iraupena du. Ikastaroa amaitu ondoren, parte hartzaileek praktikak egingo dituzte inguruko enpresetan. Ikastaroa 2025eko otsailaren 17an hasiko da.
Bi ikastaro hauetako batean izena emateko, Lanbideren webgunera edo bulegoetara jo behar da.
Aipatu bezala, UGLEk langileentzako ikastaroak ere eskainiko ditu. Hamabost, hain zuzen ere. Etengabeko prestakuntzaren alorrean, UGLEk lanean ari diren pertsonekin duen konpromisoa berresten du. Hamabost ikastaro horiek parte hartzaileek beren gaitasunak eguneratzeko eta lan merkatuaren aldaketei egokitzeko diseinatu dira.
Urtarrilean langileei zuzendutako lau ikastaro hasiko dira: Kuka robot industrialaren programazioa (hasierako maila), autoen mekanika azkarra eta konponketa, oinarrizko elektrizitatea eta elektrodo bidezko soldadura.
Horrez gain, UGLEtik gogorarazten dute langabetuentzako plaza mugatu batzuk egongo direla eskuragarri, inklusioa eta prestakuntzarako sarbidea sustatzeko neurri gisa.
Hirune Iraolak, eskolako Enplegurako Prestakuntzako arduradunak, honakoa adierazi du: “Prestakuntza tresna giltzarria da etorkizun profesional sendo bat eraikitzeko, bai lan merkatuan lehiakorra izaten jarraitzeko, bai enplegagarritasun handia duten sektoreetan aukera berriak aurkitzeko”.
UGLEko Enplegurako Prestakuntza arduradunak ikastaro hauek guztiak doakoak direla eta ia guztiak arratsaldez emango direla ere azpimarratu du. Izan ere, langabeentzako ikastaroak 15.00etatik aurrera emango dira eta lanean ari direnentzako ikastaroak 18.00etatik aurrera.
Informazio gehiago jaso edo izena eman nahi dutenek, UGLErekin harremanetan jar daitezke, ikastaroetarako UGLEren whatsapp zenbakian (662 58 91 66) edo fpe@ugleskola.eus posta elektroniko helbidean.
Ikastaro eskaintza honen bitartez, UGLEk eskualdeko prestakuntza profesionalaren aldeko lana berresten du.