Gabonetarako egun gutxi geratzen diren honetan, Hondarribiko Udalak Euskal Azoka eta Gabonetako Merkatua aurkeztu zituen atzo. Lehenengoa abenduaren 12tik 15era burutuko da eta, bigarrena, aldiz, hilaren 14 eta 15ean.
Estitxu Urtizberea Sustapen Ekonomikorako zinegotziaren hitzetan “iaz azoka bakoitza bere aldetik zegoela ikusi genuen, eta ez zitzaiela ematen nolabaiteko testuinguru orokorrago bat”. Aldi berean, Urtizbereak azaldu zuen Euskal Azokak “biziberritze eta indartze bat” behar zuela, eta hori da aurten egin dena.
Alde batetik, Gabonetako Merkatua Madalen plazan egingo da aurten ere, karpa batekin eta hamasei posturekin. Bi egunetan, abenduaren 14 eta 15ean, merkatua 11.00etan zabalduko da, larunbatean 20.00etan eta igandean 19.00etan itxiko delarik. “Helburu nagusia gure artisau eta dendarien lan bikainari indarra ematea da”, esan zuen zinegotziak, herritarrei udalerrian kontsumitzeko deialdia eginez. “Bertako sortzaileen lana balioan jarri behar dela uste dugu, balio erantsia ematen baitute, bertako eta kalitateko produktuak direlako”.
Postuez gain, Hondarribiko Gabonetako Merkatuan hainbat ekitaldi izango dira, hala nola, musika zuzenean eta tailerrak. Aurten, berezitasun bezela, helduentzako tailerrak ere izango dira, zeramikarekin eta beste eskulanekin lotuta.
Euskal Azoka berritua
Aurten 30 urte betetzen dituen Euskal Azokari dagokionez, Garoa Lekuona Euskara zinegotziak azaldu zuenez “aurten abenduaren 12tik 15er izango da eta izena aldatuarekin dator: Hondarribiko Euskal Azoka”. Euskara sailetik, azokaren urteurrena ospatzeko eta berau indarberritzeko asmoz, “mimoz landutako iruditegi berria eta programazio oso bat” antolatu dutela esan zuen Lekuonak, Udaleko beste sailekin eta herriko Blagan Euskara Elkartearekin elkarlanean eta xede argi batekin, “euskalgintzari dagokion lekua ematen, euskal giroa eta euskarazko literatura, musika eta produktuen kontsumoa bultzatzeko”. Gainera, zinegotziak aurreratu zuen aurten liburu eta diskaz gain, euskal produktuak ere egongo direla.
Bestalde, Arrantzale auzoa euskal kulturaren eta euskararen arnasgune izateko nahiarekin, larunbata 14ean bertan kokatuta egongo den karpan liburu eta diskoen aurkezpenak egingo dira: irakurketa eta mintzapraktika tailer berriaren aurkezpena; Miren Amuriza eta Malen Amenabarren 'Titiritari' lana; Xabiroiren 'Botere handi batek eleberri grafikoa'; Iosune Goñiren 'Ahizpa Beltza'; Gorka Bereziartua eta Adurren 'Abentura erraldoia, salba dezagun kalejira'; Urtzi Urkizuren 'Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero' eta Itziar Ituñoren INGOT taldearen 'Zeugaz' lanen aurkezpenak.
Aurkezpenez gain bestelako ikuskizunak ere izango dira. Hala nola, abenduaren 12an, osteguna, ‘Manttalingo alaba. Saturrarango kartzelako 4.000 emakumeak gogoan’ Kultur Etxean; ostirala 13an Gotzon Barandiaranen ‘Galbahea’ Itsas Etxea Auditoriumean; larunbata 14ean Olatz Salvadorren ‘Zainak eman’ lanaren kontzertua leku berdinean edota igandean ipuin kontaketak, Lupe Calvoren ‘Pertsona izatearen balioa – Lourdes Ibañez de Gauna gizarte – ekintzan aitzindaria’ eta Patxi Bisquertek besteak beste Hondarribian grabatutako ‘Ombuaren itzala’ luzemetraiaren proiekzioa.
Euskal Azokaren baitan ere Bordari eta Satarka Literatur Lehiaketaren lanen banaketa egingo da, abenduaren 13an, arratsaldeko 18.30ean Itsas Etxea Auditoriumean, Gotzon Barandiaranen Galbahea ikuskizunaren aurretik. Sariak banatzeaz gain lanak ere errezitatuko dira.
“Herritarrak animatu nahi ditut prestatutako egitarauaz gozatzera eta Arrantzale Auzotik pasatzera euskal kulturgintzaren aldeko kontsumoa bultzatzeko” amaitu zuen Lekuona zinegotziak.
Azkenik, Asier Muniategi Euskal Liburu Ganberako presidenteak honako hau esan zuen: “Orain dela 30 urte proposamen honekin etorri nintzenean ez nuen uste honek hainbeste urte iraungo zuenik. Indartzen ari bada, horrek esan nahi du Azoka bizirik jarraitzeko asmoa dagoela, eta gure aldetik gauza gehiago proposatuko ditugula datorren urterako”.