Txalaparta festa egingo da Usurbilen, azaroaren 9an, Jexux Artze kultur elkartearen eta 650 Usurbil Bizi turismo proiektuaren eskutik. Aurkezpenean aditzera eman zutenez, txalapartari gorazarre egingo diote kaxkoan zein Txokoalden eta Aginagan, egun osoko egitarauaren bidez. 

Txalaparta jotzeko hainbat moduz gozatzeko aukera izango da, herriko zein herritik kanpoko txalapartarien eskutik.

Egitaraua

Txalaparta festako kartela N.G.

Eguneko lehenengo hitzordutik bertatik nabarituko da hori: ikusleak dema plazan direla, 10.00etan Salbatore elizako ezkilak joko dituzte sokekin, garai batean Artze anaiek egiten zuten bezala.

12.00etan Oreka TX taldearen emanaldia eta mokadutxoa izango dira Txokoaldeko Txalaparta Txokoan. 

14.00etan ibilaldia antolatu dute Erriberatik, albokariekin.

15.00etan Aginaga sagardotegian bazkaria izango da. Tiketak aurrez erosi beharko dira; zehazki, azaroaren 5era arte izango da horretarako aukera. Helduek Usurbil Kultura plataforman erreserbatu beharko dute lekua eta umeentzako menua, usurbiltxalaparta@gmail.com emailera eskatu behar da eta egunean bertan ordainduko da. Bazkalostean, Madrilen Txalaparta taldearen emanaldia izango da sagardotegian bertan.

Eguna amaitzeko, 20.00. Fanfarrikant eta txalaparta kalejira, herrian zehar burutuko da.

Aurten azaroan

Gogora ekarri dutenez, Jexux Artzeren heriotzaren 20. urteurrenaren bueltan, 1go Txalaparta festa antolatu zuen kultur elkarteak 2022ko maiatzean, eta berdin egin zuen iaz ere. 

Aurten, maiatzean ekitaldiren bat antolatu arren, festa bera azarora atzeratzea erabaki zuten, eta 650 Usurbil Bizirekin elkarlanean prestatu. 

Azkenik aipatu beharra dago aurtengo kartela Malen Aierbe Zubeldia diseinatzaile usurbildarrak egin duela.