Danbaka Musika Lehiaketaren edizio berria ostiral honetan hasiko da Bergaran
Lehenengo saioan Korda Rota, Ktarsia, Sotoalde eta Malko taldeek joko dute Seminarixoko oholtzan
Danbaka Musika Lehiaketaren seigarren edizioari hasiera emango zaio ostiral honetan. Guztira Debagoieneko 16 talde arituko dira Bergarako Seminarixoko oholtza gainean, eta lehenengo saioan Korda Rotak (Arrasate-Antzuola), Ktarsiak (Bergara), Sotoaldek (Bergara) eta Malkok (Oñati) joko dute. Emanaldiak 21.30ean hasiko dira, baina, aurrez, 20.00etatik aurreraDJ Joe Pieman arituko da musika jartzen.
Danbakako koordinatzaile den Jokin Bereziartuak asteazken honetan azaldu duenez, “ilusioz beteta eta oso gogotsu” daudela. “Duela bi urte bezala, eta Elgetan egin ziren edizioetan bezala, erronka jarri genien bertako musika sortzaileei, eta aise gainditu dute: 24 musika proposamen aurkeztu dira Danbakan parte hartzeko, eta 16k izango dute horretarako aukera”, azpimarratu du.
Maite Usabiagak, Bergarako Udaleko Kultura zinegotziak, bestalde, adierazi du lehiaketa honek herriari “gaur egun musika arloan egosten den sortzaileei azken joerak bertatik bertara ikusi eta entzutea” eskaintzen diola.
Danbaka talentu musikalaren bila dabil
Hamasei talde, lau saiotan
Bereziartuak aipatu duenez, 16 talde arituko dira aurtengo edizioan: ostiral honetako lau parte-hartzaileez gain, beste 12: azaroaren 15ean, Eten (Aretxabaleta), Low Cost Deluxe (Bergara), Rebel Noise (Arrasate) eta K-Po (Bergara) taldeak izango dira taula gainean; azaroaren 29an, Del Val (Arrasate), Henko (Oñati), Txerrikumeak (Aretxabaleta) eta Karena (Antzuola); eta azkenik, abenduaren 13an, Banana Shake (Arrasate), Ondare (Arrasate), 721-Gogor Gabiltza (Aretxabaleta) eta Maider Mimi (Aretxabaleta).
Finalari dagokionez, urtarrilaren 17an izango da, eta hiru sari banatuko dira: nagusia, publikoarena eta Danbaka-Ekinez.
Arrasateko Ondare taldea, publikoak aukeratua
Lehiaketara 24 talde aurkeztu dira, eta horietatik 15 aukeratu ditu epaimahaiak –Amaia Arriaran bergararrak, Ainhoa Vitoria arrasatearrak, Sara Alonso aramaioarrak, Julen Narbaiza bergararrak eta Iñigo Ugarte oñatiarrak osatzen dute–, eta hamaseigarrena, aldiz, publikoak. Guztira, 1.300 boto baino gehiago jaso dira, eta Arrasateko Ondare taldeak eskuratu du lehiaketarako txartela.
'Chill out' gunea
Kontzertuetarako sarrerak bost eurotan salduko dira Seminarixoan, baina Goienakideek doan sartzeko aukera izango dute Goienaren aplikazioa erakutsita; ez direnek baina deskargatuta dutenek, berriz, bi euro ordaindu beharko dituzte. Gainera, areto barruko emanaldiez gain, herritarrek Seminarixoko atarian izango den musika eskaintzaz gozatzeko aukera izango dute, DJak egongo baitira 'chill out' gunean. Taberna zerbitzua ere izango da Sanprubusaren eskutik.
Goiena Komunikazio Taldea da antolatzailea, Bergarako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Temas
Más en Bertan
-
Contar pasos en Pasaia, Lezo y Oiartzun también es una competición
-
Ordizia peatonaliza el Paseo de los Fueros y la Avenida los fines de semana
-
'Kosta Berdea', la nueva marca que une mar, montaña y sostenibilidad en Urola Kosta
-
Bidasoa activa lanza la cuarta edición de Bidalan para impulsar la inserción laboral de personas en situación de vulnerabilidad