Kognizio gainbeheraren prebentzioan egingo du lan Hondarribiko Udalak
‘Do re ni’ proiektua abian jarriko du Hondarribiko Udalak kognizio gainbeheraren prebentziorako udalerriko 65 urtetik gorako pertsonei zuzendua.
‘Do re ni’ Xabier Lizaso pianista eta ikertzaileak eta Olatz Zugasti abeslariak abian jarritako metodo berritzaile bat da. “Hondarribian zahartze aktiboa sustatu nahi dugu eta horregatik ezinbestekotzat jotzen dugu proiektu honekin bat egitea”, esan du Josu Peña Gizarte Kohesiorako zinegotziak. Aldi berean, azaldu du ikerketa zientifiko batek egiaztatu zuen metodo honek garunaren osasunean eskaintzen duela onura, eta hau izango dela adineko pertsonekin urte osoan garatuko den proiektuaren ardatza.
Bestalde, Lizasok berak azaldu duenez, gaur egun zientzialarien aldarrikapen nagusia da alzheimerraren proteina agertzen denean ez dagoela zer eginik. Hala ere, ikerketa askok frogatu dute garuna egunero asko estimulatzen badela, nahiz eta gaixotasun horren proteina garunean egon, gaitzaren sintomak asko atzeratu daitezkeela eta gerta litekeela ez agertzea ere.
Ildo beretik, pianistak adierazi du resonantzia magnetikoa sortu zenetik gauza harrigarriak frogatu direla: “Zientzialari askok esaten didate ez dakitela zergatik, baina hiru momentutan garunak beste batzuetan baino askoz lan gehiago egiten duela. Momentu horietako bat lo gaudenean da. Dirudienez, esna gaudenean baina askoz lan gehiago egiten du garunak. Bigarren egoera, esna egonda, begiak itxita ditugunean da, eta, hirugarrena, musika egiten ari garenean da. Egiten, ez entzuten”, esan du.
Hura da ‘do re ni’ metodologiaren oinarrietako bat. Zehazki, Lizasok esan du Hondarribian abian jarriko dena “osasun proiektu bat” dela, bai eta epe luzera begira dagoen egitasmo baten lehen urratsa, “non kalte kognitiboa geldiarazteko edo atzeratzeko tresnak praktikan jarriko diren”.
Tresna horiek musika erabiltzen duen “ia edozer gauza” izan daitekeela zehaztu du Lizasok: hizkuntza ezberdinetan kanta egitea, dantza, antzerkia, mimika, gorputz perkusioa…. “Tarteka ere begiak itxita lana egiten dugu”. Gainera, metodologiak saioak asko pertsonalizatzeko aukera ematen duela argitu du, taldearen arabera.
Bestalde, proiektu honen bitartez, bizi ohitura onak hartzeko pedagogia bat landuko da. “Garuneko estimulazio horrek ez du musikarako bakarrik balio, baizik eta bizitzan egiten ditugun beste gauza askotarako ere: atentzioa, orientazioa, memoria, praxiak…”, esplikatu du pianistak.
Garuna estimulatzeko metodo hau 2020ean zientifikoki ikertu zuten Osakidetzako profesionalek Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta, Eusko Jaurlaritzaren eta Kutxa Fundazioaren diru laguntzekin. Ikerketak, zahartze osasungarri bat lantzeko garaian, ‘do re ni’ metodoaren baliogarritasuna aztertzea zuen helburu, eta egiaztatu egin zuen eragiten duen onura.
Informazio saioa datorren asteartean
Proiektua 45 saiotan garatuko da, azaroaren 4an hasi eta astelehenero, 12.00etatik 13.30era, Kultur Etxean. Hasi aurretik test kognitibo bat egingo dute, eta amaieran ere beste bat, parte hartzaileen eboluzioa nolakoa izan den ikusteko.
Herritarrei proiektua zertan datzan ezagutarazteko, datorren asteartean, urriaren 22an, Lizasok azalpen saio bat emango du Kultur Etxeko areto nagusian, 18.00etan.
Izen-emateei dagokienez, aurrez aurre egin ahal izango dira informazio-saio horren ondoren, baita udalaren webgunean ere. Peñak azaldu duenez, 20 lagunentzako tokia egongo da, eta jende gehiagok izena emango balu, zozketa bidez egingo litzateke hautaketa.