Kirol elkarteetan euskeraren erabilera sustatzeko helburuarekin, Urola Garaiak jauzi kualitatiboa egitasmoa martxan jarri du. Urretxuko udaletxean aurkeztu dute. Ekitaldian, Jon Luqui mankomunitateko lehendakariak, Edurne Matias Legazpiko Euskara zinegotziak eta Emun kooperatibako Mikel Perezek hartu dute hitza.

Jauzi kualitatiboak

Luquik mankomunitateko udaletako Euskara sailek landu duten jauzi kualitatiboak bi osagai edo bultzada izango dituela esan du. “Batetik, ikerketa kualitatibo bat, esku hartzeak abiatzea helburu izango duena. Bestetik, udalok aurten plazaratu berri dugun diru-laguntza berri bat kirol elkarteetako entrenatzaileek egin ohi dituzten formazioak euskaraz egin di-tzaten bultzatzeko. Urola Garaiko mankomunitatearen jauzi kualitatibo hau euskararen erabileran, bide berrietatik, urrunago iristeko saiakera bat eta apustu bat da. Bidelagun onenekin: gure kirol elkarteekin”.

Ikerketa kualitatiboari eta esku hartzeari dagokionez, mankomunitateak 16 urtez azpiko eskola kirola euskalduntzeko ikerketak egin ditu azken urteotan. “Aurreko ikerketekin alderatuta, bi berrikuntza izango ditu aurtengoak: ikerketa kualitatiboa izango da eta esku hartzea abiatzea izango du helburu. Hau da, ikerketa esku hartze bat diseinatu ondoren bukatuko da. Eta esku hartze hori abian jarriko da”, azaldu du mankomunitateko lehendakariak.

Emun kooperatiba arduratuko da ikerketaren eta esku hartzearen diseinua koordinatzeaz. Zortzi elkarrizketa egitea aurreikusten dute, hamaika bat pertsona eragilerekin. Uztaila-iraila bitartean elkarrizketak eginda izatea aurreikusten dute. Elkarrizketen ondoren, irailean eta urrian zehar, Emunek datuak prozesatu eta ondorioak aterako ditu.

Diru-laguntzak

Jauzi kualitatiboaren bigarren bultzada entrenatzaileen formaziorako diru-laguntza da. Matiasek eman du horren berri. Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udalek entrenatzaileek euskaraz jasotzen dituzten formazioak ehuneko ehunean lagunduko dituzte diruz.

Entrenatzaileek urriaren 31 baino lehen aurkeztu behar dute eskaera dagokien udalean. Udal bakoitzak 3.000 euro bideratuko ditu horretarako.