Lasarte-Oriako toponimiari buruzko lehiaketa bat antolatu zuten Udalak eta Txintxarri aldizkariak, elkarlanean, maiatzean. Aste honetan irabazleak jakitera eman dituzte.

Hamar galdera

Honenbestez, hamar galderak asmatu zituztenen artean egindako zozketan, Irene Urruzolari egokitu zaio Nekatur nekazal turismo elkartearen zerrendan daudenetako landetxe batean gaua igarotzea eta gosaltzea.

Bestalde, parte-hartzaile guztiei egindako ahalegina eskertzeko, Avenida taberna-jatetxeko bi menu ere zozkatu zituzten antolatzaileek, eta Haizea Elvirak irabazi ditu.

Saria

Sariak banatzeko ekitaldian, Euskara saileko zinegotziak, Jon Antxordokik, eta Txintxarri aldizkariko arduradunak, Iñigo Gonzalezek, pozarren agertu ziren galdera-lehiaketa horrek herritarrengan izandako harrerarekin.

300 Jokaldi baino gehiago

Jakinarazi zutenez, parte hartu zuten herritarrek 300 jokaldi baino gehiago egin zituzten eta proiektuak jokalarien ahotan jarri duela Lasarte-Oriako toponimia, batez ere, erantzunen bila ibili zirenean https://toponimia.lasarte-oria.eus/ atari digitalean nabarmendu zuten.

Lehiaketak ez ezik, beste eduki-mota batzuk prestatzen ari dira antolatzaileak, hala nola, artikulu bereziak, Toponimiaren txokoa deitutakoak. Dagoeneko bi argitaratu dituzte: bat toponimiari buruzko azalpen orokorrak eta bigarrena Azkorteko ermitara joateko bidean dauden lekuei buruz. Gainera, aurreratu zutenez, urrirako antzeko lehiaketa bat prestatzen ari dira.

Ekimen ludikoak

Bidenabar, azpimarratu zuten gisa horretako ekimen ludikoek toki-izenena bezalako jakintza alorrak sustatzeko balio dutela.