Lasarte-Oriako sanpedroak ostiralean hasiko dira ofizialki, ohi bezala, bi txupinazorekin: haurrena udaletxe zaharretik 12.00etan eta nagusia udaletxe berritik 19.00etan. Aurten Makelur antzerki taldeak botako du txupina.
Musika nonahi
Jaien egitarauaren aurkezpenean, Txus Alonsok, Jaietako zinegotziak, azpimarratu zuenez, “musika nonahi izango da”. Aurtengo aurrekontua 277.000 euro ingurukoa da eta %54 musika emanaldietara bideratzen da.
“Aurten, talde eta artista gehiago ekartzeagatik, behar teknikoen kontzeptuak ere gora egin du. Izan ere, aurrekontuaren %21 hartzen du, eta soinu-ekipoen eta ekipo teknikoen alokairuari dagokio”, gaineratu zuen zinegotziak.
Kontzertu handiak
Horiek horrela, Okendo eta Isla plazako kontzertu handiez gain, zeinetan Bulego, ETS, StarWays edo Puro Relajo bezalako taldeak entzuteko aukera izango den, beste gune batzuetan ere musika izango da.
DJak
Esaterako, REM zeneko espazioa, gaur egun Oriarte-Landaberri BHI ikastetxea, gazteei eskainia egongo da erabat, oso onarpen handia baitu. DJ entzutetsuen saioez gain, herri mailako musika emanaldiren bat izango dute nobedade gisa. Ostiralean DJ Txurro izango da; larunbatean, NEMUX akademiako DJ berriak eta disko-festa; igandean, Ander Hazas eta DJ Txolasen saioa; astelehenean, DJ Anerxote, DJ Tropikal eta DJ Blessive; eta asteartean, DJ Markelin.
Berrikuntza gisa, aurten nabarmentzekoa da arratsaldean Isla plazan bi emanaldi izango direla: hilaren 28an Ibai Berriak eta 30ean DJ Niko. “Arratsalde-pasa modukoak izango dira”, adierazi zuen Alonsok.
Su artifizialak
Bestalde, aurten su artifizialen emanaldiak aldaketak izango ditu. Izan ere, Atsobakarren atletismo pista berriak eraiki direnez gero, ezinezkoa da su artifizialak handik botatzea, ohikoa zen moduan.
“Beste aukera batzuk eta beste kokaleku batzuk aztertu ondoren, Andatza plazan programatu dugu hurbileko ikuskizun pirotekniko bat, jaietako azken egunerako. Ikuskizun horretan erabiltzen den karkasa-kalibrea Atsobakartik botatzen denarena baino txikiagoa da, baina ikuskizun piroteknikoa izaten segitzen du, eta zaratak molestiak eragin diezazkieke herritarrei eta haien maskotei”, azpimarratu zuen Alonsok.
Azkenik, gogorarazi zuten festetako zapia udaletxean hartu daitekeela 10.00etatik 14.00etara.