Lasarte-Oria Lasarte-Oriako Udalak eta Txintxarri aldizkariak, elkarlanean, herriko toponimia ezagutu, zaindu eta transmititzen laguntze aldera, egitasmo bat prestatu dute.

Helburu hori lortzeko, leku izenei buruzko artikuluak irakurri ahalko dira Txintxarrik datozen aste eta hilabeteetan argitaratuko dituen aldizkarietan nahiz atari digitalean; horiek biak izango direlako jakintza alor horri buruzko edukiak zabaltzeko euskarriak. Hilabete honetan hasiko da herriaren ondarearen parte hori ikusarazteko kanpaina eta abenduan bukatuko da.

Dibulgazio lan horri kutsu ludikoa emate aldera, galdera eta argazki lehiaketa bana aurrera eramango dituzte jardueraren antolatzaileek, maiatzean eta urrian, hurrenez hurren. Horiei buruzko informazioa aurrerago emango dute arestian aipatutako baliabideen bitartez eta baita herri aldizkariaren sare sozialen bidez ere. Herritar guztiek parte hartu ahalko dute.

Ekimen hau Lasarte-Oriako Udalak 2019an estreinatutako toponimoen webgunea (https://toponimia.lasarte-oria.eus) ardatz hartuta egingo dute. Bertan nabigatzen duten lasarteoriatarrek alfabetikoki ordenatutako eta geolokalizatutako 700 toki izen eta 500dik gora argazki topatuko dituzte, baita alor horren lanketari buruzko zenbait datu historiko ere.

Aranzadi zientzia elkarteak aurrera eraman zuen Lasarte-Oriako toponimiari buruzko aurreneko lana, 1989. urtean. Lan horretan ahozko lekukotzak jaso zituen, gehienbat.

Udalerriko toponimia guztiarekin izendegi edo nomenklator ofizial bat eratu beharra ikusi zen eta lan hori Ikermap enpresak egin zuen.