Ordiziako 460 ikaslek Oiangu Natur Eskolan parte hartu dute udaberrian
Aranzadi Zientzia Elkarteak sortutako proiektu honen bitartez, haurrak naturan barneratzen dira
Ordiziako ikastetxeetako 460 haurrek Oiangu Natur Eskolan parte hartu dute apirila eta maiatzean zehar. Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika Sailak sortutako proiektua da eta zortzigarren urtez egin da. “Kuttuna den proiektua da”, adierazi du Adur Ezenarrok, Ordiziako alkateak. Izan ere, Oiangu Natur Eskolaren bitartez, ikasleak Ordiziako naturan barneratzen dira eta Oiangu Parkearen aberastasuna ezagutzen dute.
Natura
Baso-eskoletako metodologian oinarritutako ekintzak burutzen dira, Oiangu Parkera eta bertako biodibertsitatera egokituta daudenak. “Haur, ikasle eta hezitzaileak oinez igotzen dira Oiangura. Landareak, animaliak edo naturako formak aztertzen dira, naturarekin hartu-eman zuzena sustatzeko. Jolas librerako denborak ere garrantzi handia du, bestelako jostailurik eskaini gabe, estimuluak naturan bertan topatzeko”, azaldu du Ezenarrok. Eskola honetako ekintza guztiak talde lanean egiten dira, ikasleen arteko laguntasuna eta kooperazioa indartzeko.
“Helburu nagusia haurrek naturan esperientzia positiboa izatea da; eta bide batez, bizipen hau, konpetentzia eta kontzeptu kurrikularrak ikasteko baliatzea. Esperientzia positiboek ikasketa prozesuan laguntzen dutela badakigu”, gaineratu du alkateak.