Oiartzungo paisaia eta aberastasun naturala, monumentala eta kulturala babestu, kontserbatu eta ezagutarazteko egindako lana aitortzeko xedearekin, Basquetourrek, Turismoaren Euskal Agentziak, Turismo Arduratsua bereizgarria eman die Arditurriko meategiei. Honela, Basquetourrek balioan jarri nahi izan du azken urteetan Udalak Arditurriko meategietan turismo jasangarria eta iraunkorra bultzatzeko egindako lana.

Izan ere, turismoaren garapen jasangarri, etiko eta arduratsuaren balioak behatu, sustatu, aplikatu eta aitortzea du helburu zigiluak, erantzukizun sozialak eta ingurumenaren eta ekonomiaren iraunkortasuna eguneroko jardunean txertatzeko. “Bertan, Turismoaren Mundu Erakundeak garatu zuen Munduko Kode Etikoaren printzipioak egokitzen dira, baita Nazio Batuen 2030 Agendaren Garapen Iraunkorreko helburuak ere; eta euskal berezitasunak eta gure kulturaren berezko elementuak gehitzen dira”, azaldu dute Oiartzungo Udaletik.

Turismo jasangarri eta arduratsu bat lortzeko Oiartzungo Udalak hainbat irizpide izaten ditu kontuan: parke naturaleko baliabideak babesteko antolatzen diren txangoetan eta meategi barruko bisita gidatuetan aforoa zaintzea; bertako kultura zabaltzeko herriko eragile, elkarte eta beste museoekin elkarlanean eskaintza ezberdinak egitea; edota antolatzen diren jarduerak anitzak izatea, besteak beste.

Bestalde, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzen duten praktikak egitea da Turismo Arduratsua bereizgarria lortzeko lantzen den beste konpromisoetako bat. Zentzu honetan Arditurrin Udalak egindako lana ere balioan jarri dute.

“Museoak ez dira inolaz ere zerbait neutroa, komunitatean eginkizun aktiboa dute, pentsamendua sortu, memoria kolektiboa garatu eta honen bidez ezagutzen dugu historia. Oraindik ere ikuspegi androzentrikoa izan ohi dute eta emakumeen ikuspegia ez da agerian jartzen”, adierazi dute Udaletik.

Horiek horrela, ikusezinari leku egitea ere izan du helburu Arditurrik hamabost urte hauetako ibilbidean. Emakumeek meatzaritzan izan duten presentzia eta egindako lana ikusarazi, beraien lana errekonozitzeko eta genero-rol tradizionalen inguruan errotuta dauden estereotipoak eraisteko hainbat ekimen ere antolatu izan ditu Udalak, erakusketak edo mural erraldoiak, esaterako.

Horren haritik, Alaia Gaztelumendi Alaiart artista oiartzuarra Arditurrin eta meatzeetan lan egin duten emakume eta gizonen lan gogorra ikusarazi eta aitortzeko mural erraldoia sortu zuen joan den urte amaieran, Oiartzungo Udalak eskatuta.

60 metro koadroko harri eta azulejuz egindako mosaikoa da eta hamabi urtetik gorako herritarrekin batera borobildu zuen proiektua.

Erromatarren garaitik

Arditurriko meatzeak erromatar inperioaren garaitik ustiatu izan dituzte. Hala ere, inguruetan aurkitutako aztarnek agerian utzi dutenez, are lehenago ekin zitzaion meatzeak ustiatzeari. Orain dela 2.500 bat urtetik, zilarra, burdina, beruna, zinka, fluorita eta blenda eskuratu dira Aiako Harriaren bihotzean. Arditurriko esparruko jarduera 1984an amaitu zen.

Aiako Harria Parke Naturaleko sarbideetako batean kokatua, mendigunearen baldintza geologikoen pean kokatzen da Arditurriko Meatze Gunea.

Erabateko meatze-paisaia ikusteko aukera eskaintzen du: oraindik ikusgai baitira zerura irekitako harrobiak, esterilen zabortegiak, plano inklinatu eta lur-berdinketak, meatze-sarrerak, ustiapen garaiko eraikinak, baita garai batean minerala Pasaiako portura eramateko erabiltzen zen trenbide zaharraren bidea ere, gaur egun Arditurri Bide Berdea bilakatua. Lur azpian, berriz, gizakiaren eragina handiagoa da: hainbat kilometro galeria aurkitzen baitira bertan, meatzaritza-lana eta erauzketarako gune ezberdinen sarea osatuz.

Nola iritsi

Meategien sarreraino iristeko oinez edo bizikletaz Bide Berdea jarraitzea proposatzen dute. Gainera, bisitari kopuru handia aurreikusten denean, Aste Santuan, zubietan edo Udaran, Tren Berdea zerbitzua jartzen dute.

Arditurrin, bisita gidatuen bidez, meatze-barrutiaren lurpeko galeria batzuk bisitatu ahal izango dira, baita Aiako Harriako Parketxe Parke Naturalaren Interpretazio Zentroa ere, parkearen ondare, kultura eta natura aberastasuna modu arin eta didaktikoan ezagutzeko.

Meategiak barrutik ezaguzeko bi bisita mota daude: Oinarrizko bisita, bisitari guztientzako irisgarria, eta Meategia sakonean, bost urtetik gorakoentzat.