Hernaniko Udaleko Zerbitzu Sozialek 2023ko jardunari buruzko memoria osatu dute eta astearte honetan aurkeztu zuten. Oihane Zabaleta arduradun teknikoak azpimarratu zuenez, “Zerbitzu Sozialak estigmatizatuta daude askotan, badirudi erabiltzaile profil jakin batzuek bakarrik erabiltzen dituztela eta hori ez da hala”. Datuek erakusten dute Hernaniko biztanleriaren %50ak noizbait jo duela udaleko Zerbitzu Sozialetara, bertan eskaintzen diren zerbitzu ugarietako baten batera.

Datuak

Zabaletak hainbat datu esanguratsu eman zituen: 4.678 hitzordu eman zituzten Zerbitzu Sozialetan eta 416 familia berri artatu. Guztira, 6.107 familia-espediente dituzte zabalik Hernaniko Zerbitzu Sozialek. Gainera, 2023an, hitzordu kopuruak, irekitako espedienteak eta eskatutako eta emandako baliabideak hazi egin ziren, 2022arekiko alderaketa egiten bada.

%53 emakumeak

Zerbitzu Sozialetan iaz artatutako %53 emakumeak izan ziren. Indarkeria eta haurtzaroaren ingurukoak dira espedienteen %28 eta %36,8, 65 urtez gorakoena. Zabaletak azaldu zuenez, “espediente bakoitzaren atzean, arazo multidimentsionalek kabida izan ohi dute; hau da, behar ekonomikoez gain, etxebizitza falta, lanerako zailtasunak, osasun arazoak... ere gehitu behar zaizkie”. “Zerbitzu Sozialetara jotzen duten herritarren gehiengoari prestazio ekonomiko hutsa ematetik haratago, bidelaguntza prozesuak eskain-tzen zaizkie”, gaineratu zuen.

Xabier Lertxundi alkate eta Zerbitzu Sozialetako arduradun politikoak gogorazi zuenez, Zerbitzu Sozialak Hernaniko udal gobernu taldearen lehentasunetako bat dira. Horren adierazle da arlo horretan inbertitzen den diru kopurua bera: iaz, 3,53 milioi euroko aurrekontua izan zuen sailak (2022an baino 855.890 euro gehiago), eta aurten, kopuru hori 92.000 euro handiagoa izango da, 3,62 milioi eurokoa.

Bizi kalitate handiagoa

Zerbitzu sozial indartsuak “ongizaterako eta gizarte kohesiorako berme” direla adierazi zuen Lertxundik. Horregatik, Hernaniko Zerbitzu Sozialen helburuak hauek direla nabarmendu zuen: “Bizi kalitate gehiago, gizarteratzea, aukerak sor-tzea eta herritartasun aktiboa”.

Etorkizunera begira, Hernani Burujabe iparrorratz hartuta, bost eremu nagusi lantzen ari dira: iraupen luzeko zaintza, haurren hazkuntza eta gurasotasun positiboa; gizartearen eta komunitatean parte-hartzea; gizarteratzeko prozesuetan laguntzea eta elkarlan multidisziplinarra.